'Oarso-Bidasoko Hitza'-k 1.000. zenbakia argitaratuko du bihar

Gaur egun, 28 orrialdeko astekaria da. Webguneetan aktualitatearen berri ematen dute. Biharko mahai inguru bat antolatu dute, Lezon.

'Oarso-Bidasoko Hitza' aldizkariaren ale batzuk. HITZA
'Oarso-Bidasoko Hitza' aldizkariaren ale batzuk. HITZA
urtzi urkizu
Errenteria
2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Tokiko informazioa euskaraz eman eta ahalik eta jende gehiagorengana iristea». Helburu horrekin egiten du lan egunero Oarso-Bidasoko Hitza-k, hedabideko zuzendari Urko Etxebestek azaldu duenez. Gipuzkoako Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia herrietako informazioa lantzen du euskarazko komunikabide horrek. Eta paperezko aldizkaria 1.000. zenbakira iritsiko da bihar. 

2010eko azaroan kaleratu zuten Oarso-Bidasoko Hitza-ren lehen zenbakia. Aurretik, bide bat egina zuten Oarsoko Hitzak eta Behe Bidasoko Hitza-k. «Baina, krisi ekonomiko orokorrak eta papereko prentsaren gainbehera partikularrak bultzatuta, batu egin ziren bi Hitza-k».

Lehen etapan, astean lautan jasotzen zuten harpidedunek Oarso-Bidasoko Hitza, egunkari formatuko euskarrian. Gero, astekari bihurtu zen. «Eta 2021eko urtarrilean, aldizkari itxurako maketetara pasatu ginen. Horrela, astekari izaera are nabarmenagoa izateko aukera zabaldu genion aldizkariari, itxura ikusgarriagoa eta erakargarriagoa emanez eta atal berriak txertatuz». Gaur egun, 28 orrialdeko astekaria da sei herri horietako Hitza; ostiralero banatzen dute harpidedunen artean, eta gehigarri bereziak ere egiten dituzte.

Interneteko eskaintza nabarmendu du, bidenabar, Etxebestek: «Webguneak dira gure egunkaria: Oiartzualdeko herrien txokoa oarsoaldea.hitza.eus ataria da; Irun eta Hondarribikoa, bidasoa.hitza.eus». Irakurleak herriz herri ere topa ditzake artikuluak.

Aldizkariak dituen kolaboratzaileei esker ona adierazi die, era berean, Oarso-Bidasoko Hitza-ko zuzendariak: «Kolaboratzaileen sare zabala dugu, astekariari ukitu berezia ematen diotenak ilustrazio, iritzi, argazki edo denborapasen bitartez».

Mahai inguru bat tokiko hedabideez

Bidean laguntzaile asko dituztela nabarmendu du, halaber, Etxebestek: «Harpidedunak dira gure bidelagun fidelenak, baita publizitatea jartzen diguten enpresa eta tokiko establezimenduak eta erakundeak ere. Hala ere, egitasmoa indartzeko eta etorkizunean jarraipena izan dezan, ezinbesteko dugu hitzakide gehiago gugana hurbiltzea: ditugun milaka irakurle horiek jarraitzaile soil izateari utzi eta babesle bihurtzea, hitzakide eginez».

Milagarren zenbakiaren bueltan, kanpaina bat jarri dute abian. Karmele Mitxelena idazleak honako esaldi hau egin du kanpainarako: «1.000 zenbaki. Hori bakarrik, eta hori guztia». Etxebesteren arabera, bada zerbait: «Hedabide handien emariarekin alderatuta gutxi dirudi; baina gure txikitasunetik asko egin dugu. Milaka ahots jaso ditugu, tartea eman diegu, hurbil ditugun herritarren arrakasten, porroten, poztasunen, frustrazioen, lorpenen eta kezken lekuko eta bozgorailu izan gara, tokikotasunez eta euskaraz».

Komunitatearekin elkartzeko asmoz, mahai inguru bat antolatu dute biharko Lezoko Gezala auditoriumean. 18:00etatik aurrera, euskarazko tokiko komunikabideen inguruan ariko dira solasean. Etxebeste bera mintzatuko da bertan, Antxeta Irratiko koordinatzaile Aitziber Zapiain Etxaniz eta Oiartzun Irratiko Alazne Etxeberria Oiartzabalekin batera. Solasaldiaren ondoren mokadutxo bat jateko aukera izango dela iragarri du Etxebestek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA