EITBk bart jakinarazi duenez, Oihane Mateos hil da (Ibarra, Gipuzkoa, 1981), Orain albiste zerbitzu digitalaren burua, 45 urte zituela. Ibilbide profesional osoa EITBn egindakoa zen: Euskadi Irratian hasi zen bekadun, hamaika saiotan egin zuen lan gero, eta, besteak beste, Gaur Egun eta Teleberri albistegietako erredaktore eta aurkezle izan zen, baita ETB2ko De boca en boca saioko zuzendari ere.
2022an izendatu zuten albiste zerbitzu digitalaren buru, eta jardun horretan aritu da azken urteetan. EITBk adierazi duenez, «Mateosek indar asko jarri ditu erredakzioaren eraldaketan, eta Orain EITBren albiste zerbitzu digitalak bere gidaritzapean hasi zuen ibilbidea».
Orio Arraun Elkarteak ere izan du gogoan Mateos, elkarteko zuzendaritzako kide izan baitzen 2006tik eta 2013ra bitarte.