Batu dituzte liburu eta koadernoak. Gorde dira tablet zein ordenagailuak. Ikasturtean hainbeste aldiz zorroztu diren arkatzek ere atsedena hartuko dute orain. Ekainak 21 ditu. Hasi da uda, lagun.
Azken hau izan da txatboten erabilera hezkuntzan guztiz zabaldu den ikasturtea; datuen arabera, institutu eta unibertsitateko ikasleen %90 inguruk erabiltzen ditu egunerokoan. Txatbotak erabiltzen dituzte zalantzak argitzeko, informazioa eskuratzeko, ikertzeko eta baita lanak egiteko ere. Irakasleok ere erabiltzen ditugu, sarri, antzeko helburuekin. Eta horien erabilera masiboki zabaldu den garai honetan, zaila egiten da ebaluatu beharreko lan askoren egiletza jakitea.
Horren harira, Ted Gioia jazz kritikariak artikulu interesgarria argitaratu du bere berripaperean. Horrela izendatu du berau: AA iruzurra gelditzeko bost modu. Gioiak Oxford Unibertsitatean ikasi zuen gaztetan. Eta dioenez, unibertsitate hori ez da askorik aldatu azken mendeotan. Lan egiteko sistema arkaikoa izan arren, Oxford zaharrean aurkituko omen ditugu, bere ustez, ikasleen AAren erabilera desegokiaren aurkako bost erremedio. Ikus dezagun nola ebaluatzen zuten Oxford-en, Ted oraindik gaztea zeneko garaian:
1) Ebaluatzen zen edozein lan eskuz idatzitakoa izaten zen.
2) Idatzizko lanaren inguruko galderak egiten zituen irakasleak, eta ikasleak momentuan bertan erantzun behar izaten zuen.
3) Ebaluatzen zen lan oro ingurune itxi eta gainbegiratuan egindakoa izaten zen. Iruzurra ezinezkoa zen.
4) Ebaluazio sistema zorrotza izan behar zen; izan ezean, lortutakoak balioa galduko zuen.
5) Azterketak ez ziren ebaluatzeko modu bakarra. Elkarrizketa edo eztabaidaren bidez ere, kalifikazio positiboa eskuratu zezakeen ikasleak.
Ez da zutabe honen asmoa adimen artifizialen erabilera gaitzestea hezkuntzan, teknologia horiek badituzte erabilera egoki batzuk. Baina bai gogoratu nahi dugu, ikasleen aurrerapenak analizatzeko eta ebaluatzeko, ez dela behin eta berriz gurpila asmatzen aritu behar. Galdera berrien erantzunak, maiz, historian atzera begiratuz lortzen baitira.