Bigarren ahaleginean lortu du. 2019an, Hong Kongetik Euskal Herrira arteko bidea bizikletaz gurutzatzeari ekin zion Asier Arroita Lafuentek, baina bi urtekoa izan behar zuen bidaia bederatzigarren hilabetean eten zen, pandemiaren kausaz. Eta eten zen, hain justu, Arroita eta haren bi lagunak Indian zeudela, Pakistanen sartzear. «Asko neukan irakurrita eta ikasita Karakorumen eta Zetaren bidearen inguruan, eta buruan sartua neukan Pakistan», oroitu du Arroitak. Iazko udan lortu zuen helburua betetzea, azkenik. Nagore Sarasolak eta biek bi hilabete egin zituzten han, eta egonaldian bizitakoekin eta ezagututakoekin Pakistan, hamaika abentura saioa ondu dute. Asteartean estreinatuko dute Hamaika Telebistan, eta asteartero eta ostegunero atal berriak emango dituzte, 22:00etan.
Iparraldean ibili dira, zehazki. Karakorum errepidean barrena, eta Astore, Skardu eta Kalash haranetan, besteak beste. 7.000 eta 8.000 metroko mendiz inguratuta, 70 kilometro luze diren glaziarretan paseatzen. Eta paisaia «ikusgarria» ez ezik, saioak orobat erakutsiko du bidean topatu duen «jende jatorra». Izan ere, «aurreiritzi askorekin» abiatu zen Arroita, baina herrialde «atsegina eta abegikorra» iruditu zaio Pakistan.

Eta askotarikoa. Herrialde berean hainbat herrialde baitaude, bakoitza tankera eta ohitura desberdinekin. Kalash ibarra nabarmendu du, bereziki. «Asko maitemindu ninduen ibar horrek». Pakistan herri musulmana dela aitatu du, eta apenas ikusten zuela emakumerik kalean. «Eta ikusten dituzunekin ezin duzu hitz egin, ezta beraien errealitatea ezagutu ere. Nik zoritxarrez herrialdearen erdia baino ez dut ezagutu: gizonak». Baina egoera guztiz kontrakoa da Kalashen. Islamaren aurreko sinesmenei eusten diete han, naturan oinarritutako erlijioa daukate, matriarkatuak ardazten du komunitatea, eta hizkuntza propioa daukate, 3.000 hiztun baino gutxiagokoa. Urtean bitan, neguan eta udan, urtaroa aldatzen denean hain zuzen ere, jai koloretsu bat egiten dute, eta emakumeek ere parte hartzen dute haietan, jantzi deigarriekin dantzatzen. Arroitak eta Sarasolak egun batzuk igaro zituzten han.
Pakistango bidea ere bizikletaz egin zuen, eta bidaiatzeko moduak esperientzia baldintzatu duela uste du Arroitak. Izan ere, bizikletak bide eman dio bertakoekin harreman estuagoa izateko eta herrialdea gertuagotik ezagutzeko. «Bizikletak badu lotzen zaituen zerbait. Lekuetara izerditan ailegatzen zara, zikin, nekatuta, ehun kilometro egiteko egun osoa behar duzu... Baina abiadura horrek beste aukera batzuk ematen dizkizu».
Bertakoengandik hurbil
Haren arabera, txirrindulari bat agertzen denean, motxilarekin eta abarrekin zamatuta, motel-motel, jendea errazago hurbiltzen zaio, baita haurrak ere, eta jakin-mina erakusten dute berehala: Nondik zatoz? Zer egiten duzu hemen? «Autobusez, trenez edo kotxez bidaiatzen baldin baduzu, beste bat gehiago zara, askok bidaiatzen dute-eta horrela, eta babesgunean zaude. Bizikleta gainean askoz zaurgarriagoa zara: etxea gainean daramazu, baina ez daukazu babesten zaituen ezer».
«Bizikletak badu lotzen zaituen zerbait. Lekuetara izerditan ailegatzen zara, zikin, nekatuta, ehun kilometro egiteko egun osoa behar duzu... Baina abiadura horrek beste aukera batzuk ematen dizkizu»
ASIER ARROITA LAFUENTE Bidaiaria
Eta zer eraman dute, zehazki, halako bidaia bat egiteko? Teknologiari dagokionez, lau kamera erabili dituzte irudiak hartzeko: akzio kamera bat, drone bat —momenturik okerrenean hondatu zena—, sakelako bat eta argazki kamera bat. Arroitak hurbiletik bizitakoak grabatu ditu: jendearekin izandako hartu-emana; batzuekin harreman laburra izan zuen, baina zenbaitekin hainbat egun eta astetan egon zen. Irudi horiek paisaien panoramikekin uztartu dituzte; Sarasola arduratu da muntaketaz ere, baita bi hilabete horietan jasotako edukiarekin kontakizun bat egituratzeaz ere.
Kaukaso aldean daude orain. Bidaiatzen jarraitzen dute, eta bidaiok bideoan jasotzen. Turkiako kostaldean ibili dira, eta Armenia iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko asmotan daude. Ondo bidean, Hamaika abentura saioak jarraipena izango du. Eta Pakistan? Ba al dute itzultzeko gogorik? «Normalean, ez naiz herrialde berera berriz joaten», argitu du Arroitak. «Behin baino ez dut egin hori: Nepalera berriro joan nintzen. Baina uste dut Pakistan ere berriro bisitatuko dudala».