Pantailak Euskaraz-ek ikus-entzunezko kontseilu baten beharra azpimarratu du

Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean agerraldia egin dute Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileek.

Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko urriaren 22a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskarazko ikus-entzunezko lanetarako baliabideak handitzea, filmak bikoizteko laguntza lerro bat sortzea, pelikulen sustapenerako laguntzak ematea, araudi propioak izatea eta euskal ikus-entzunezko kontseilu propioa sortzea». Eskaera zehatz horiek egin ditu, besteak beste, Pantailak Euskaraz taldeak gaur Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean.

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak testuingurua eman du agerraldian: «Euskal Herrian sei ordu pasatzen ditugu egunean pantailen aurrean. Streaming plataformen gorakada nabaria da, eta EAEko biztanleen %63k du ordainpeko plataformaren bat. Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko iazko datuen arabera, Hego Euskal Herriko gazteen %71k Netflixeko sarbidea du, eta gazteen %66k du Amazon Prime Video eskura». Baina ohartarazi du plataforma horietan gazteen %1ek baino ez dituela edukiak euskaraz ikusten. 2022an hasi ziren Netflix eta Amazon Prime Video lanak euskarara bikoizten eta azpidazten; Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak aipatu du Amazon Prime Videok bikoizten eta azpidazten dituen lan gehienak Espainiakoak direla, eta irizpide hori ez dela ulergarria. «HBO Max plataforman, bestalde, duela hilabete batzuk igo zituzten film batzuen euskarazko audioak —18-19, ETBk bikoiztutakoak—, baina orain egoera geldirik dago, eta erakundeek zerbait egin beharko lukete». Pantailak Euskaraz-ek salatu du are okerragoa dela Disney Plus plataformaren jarrera; izan ere, plataforma horretan ez dago euskarazko edukirik, eta Irabazi arte telesaila solik gaztelaniaz ikus daiteke. 

Zinema aretoetan egoera are txarragoa da euskararentzat, Pantailak Euskaraz-en arabera. «Iaz, film emanaldien %1 baino gutxiago izan ziren euskaraz».

Alex Aginagalde eta Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz-eko bozermaileak, Eusko Legebiltzarrean
Xumar Altzugarai eta Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Aginagaldek nabarmendu du araudi propioak behar direla egoera iraultzeko: «Gure ustez, ahal den guztia arautzen badugu, errazagoa izango da euskarazko lanak sustatzea. Espainiako ikus-entzunezko legeak dio erkidegoek eskubidea dutela lege hori bera garatzeko eta betebeharrak ezartzeko. Kontsumitzaile euskaldunen eskubideak betetzeko araudia behar da». Era berean, Pantailak Euskaraz-eko ordezkariek gogorarazi dute erakundeei dagokiela audioen afera —hala jasotzen du Espainiako legeak—. «Erakundeei eta EITBri dagokie audioak plataformetara bidaltzea. Ez dira legea errespetatzen ari».

Film handiak bikoizteko laguntzak

Zinema eskaintzari dagokionez, Katalunian aretoetako emanaldien %23 inguru dira katalanez —legean %25 jasotzen da—. Ikusle gehien dituzten pelikula asko katalanera bikoiztuta ematen dituzte. Ez da halakorik gertatzen Euskal Herrian. «Zinema Euskaraz egitasmoaren bitartez ez da lortzen sarrerekin diru gehien lortzen duten filmak euskarara bikoiztea. Laguntzak beharko lirateke film arrakastatsuenak euskarara bikoizteko», nabarmendu du Aginagaldek.

Talde politikoen txandan, PSE-EEko Maider Lainez eta EAJko Garikoitz Mendizabal legebiltzarkideek nabarmendu dute «bolada gozoan» dela «euskal zinema», eta Eusko Jaurlaritzaren zinemarako laguntzak hiru halakotu egin direla 2020tik hona. Primeran eta Makusi plataformen sorrera nabarmendu dute biek, eta hala egin dute Pantailak Euskaraz-eko ordezkariek ere. Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, adierazi du lortu beharko litzatekeela urtean diru sarrera gehien lortzen dituzten bost filmak euskarara bikoiztea. «Egiturei dagokienez, Eusko Jaurlaritzan zuzendaritza propio bat beharko litzateke auziari erantzuteko». 

Aginagalde pozik azaldu da talde politikoek diagnostikoarekin bat egin dutelako. Mendizabalek (EAJ) aitortu du kasu askotan ez dela Espainiako legea betetzen ari. «Zuen helburua gurea ere bada. Proposamenak hartu eta landuko ditugu. Hala ere, sinesten dut udalek ere badutela zer egina gai honetan».

Euskal Zine Bileran saritu dituzte

Lekeitioko (Bizkaia) 48. Euskal Zine Bileran, Euskal Zinemaren Begirada Saria eman zioten joan den asteburuan Pantailak Euskaraz taldeari. Saria jasotzean, honako hauei eskaini zieten saria: «Gurekin elkarlanean aritu zaretenoi; erdaren korrontearen aurka edukiak euskaraz sortzen dituzuenoi; eta zinema, plataforma eta sareetan edukiak euskaraz kontsumitzen dituzuenoi. Guztiok gara Pantailak Euskaraz!».

Pantailak Euskaraz taldeko kideak, urriaren 18an, Euskal Zinemaren Begirada Saria jasotzen Lekeition
Pantailak Euskaraz taldeko kideak, urriaren 18an, Begirada saria jasotzen, Lekeitioko Euskal Zine Bileran. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.