Bigarren denboraldia osatu du jada Goiena komunikazio taldearen Peryferyka podcastak. Izen bereko ekoiztetxeak ontzen du saioa, eta, hartan, euskal panorama artistikoko askotariko eragileak elkarrizketatzen dituzte Ariana Nespereirak eta Zihara Etxeberriak, ordu erdi eta berrogei minutu artean irauten duten ataletan. Iaz sareratu zuten lehen denboraldia, lau piezaz osatua, eta beste bederatzi atalekin borobildu dute eskaintza aurten.
Euskal artearen askotariko ertzak jorratzen dituzte podcastean. Aktoreak, musikariak, sortzaile bisualak, koreografoak, eszenografoak eta, oro har, sormenarekin zerikusia duten beste profesional batzuk gonbidatu dituzte orain arte. Gaurkotasuna eta pop kultura dira egitasmoaren ardatza, eta gai sakonei ere heltzen diete: sormen prozesua, industriaren egoera eta artearen lekua.
Mariasun Pagoaga aktorearekin abiatu zuten proiektua, iazko maiatzean, eta Beñat Uribe-Etxebarria Euskowboy-rekin izan dira azken atalean, uztailean, markez eta identitateez mintzatzen. Tartean, Oihana Arana bertsolaria, Jose Mari Goenaga zinema zuzendaria, eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak elkarrizketatu dituzte, besteak beste.