'Popel'-ek dokumentalik onenaren Dias de Cine saria jasoko du

Sariak banatzeko ekitaldia Madrilen egingo dute, urtarrilaren 27an, 20:00etan. 'Los domingos'-i «Espainiako urteko filmik onenaren» saria emango diote.

'Popel' filmaren fotograma bat. BERRIA
'Popel' filmaren fotograma bat. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oier Plaza zinemagilearen (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1982) Popel lanari urteko dokumentalik onenaren Dias de Cine saria emango diote urtarrilaren 27an Madrilen, Reina Sofia museoan egingo duten ekitaldian. TVEko zinema saio beteranoa da Días de cine, eta hamahirugarren urtez emango dituzte sariak.

«Lantaldean oso pozik gaude sariarekin, eta deportatuen senide eta lagunak ere bai», esan du Plazak. «Días de cine erreferentziazko programa bat da, eta haien iritzia pisuzkoa da». Dokumentalaren zuzendariak aipatu du «harriduraz» ere hartu zutela saria irabazi zutelako berria. «Ez genuen uste halako sari bat emango zigutenik. Baina hau pauso bat da dokumentala Euskal Herriko mugetatik kanpo ere ezagutarazteko».

Plazak iragarri du Popel apirilean jarriko dutela streaming plataformetan. Ziurtzat jo du Primeran plataforman ere eskuragarri egongo dela. «Bestalde, dokumentalaren bertsio laburtua Alemaniako eta Frantziako Arte katean emango dute urtarrilaren 28an».

'Los domingos' filma
'Los domingos' filma. EFE

Euskal Herriko beste ekoizpen bati «Espainiako urteko filmik onenaren» saria emango diot: Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen (Barakaldo, Bizkaia, 1978) Los domingos filmari. Pelikula horrek irabazi zuen Urrezko Maskorra Donostiako Zinemaldian, eta hamahiru izendapen ditu Goya sarietan. Otsailaren 27tik aurrera, Movistar Plus plataforman ikusi ahalko da.

Era berean, Blanca Soroa aktore bizkaitarrak, Los domingos-eko gazte protagonistak, Ha nacido una estrella (Izar bat jaio da) saria jasoko du.

Urteko animaziozko filmik onenaren saria Alberto Vazquezen Decorado-k jasoko du. Nazioarteko filmik onenaren saria, berriz, Joachim Trier zinemagilearen Sentimental Value-ri emango diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.