Ikus-entzunezkoak

Primeran-ek tatuajeak eta sukaldaritza uztartuko ditu saio batean

'Dastattoo' euskarazko saioa gaur estreinatuko dute plataforma horretan. Maialen Caballero izango da gidari eta protagonista.

Primeran plataformaren 'Dastattoo' saioa. PRIMERAN
Primeran plataformaren 'Dastattoo' saioa. PRIMERAN
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Sukaldaritza eta tatuajeen mundua uztartuko dituen saio bat estreinatuko du gaur Primeran plataformak: Dastattoo. Basque Culinary Center eta Mantala proiektuaren eskutik abiarazi dute egitasmoa. Begira Produkzioak ekoiztetxeak ekoiztutako programa da, eta Ane Rotaetxe Torrontegi da zuzendaria. Kerman Diaz Franco ibili da gidoilari, eta irudiaren ardura Markel Suarez Zearretarena izan da.

Maialen Caballero Mai da saioko gidari eta protagonista nagusia. Tatuatzaile profesionala ofizioz, helburu argi batekin hurreratu da erronka berrira: sukaldaritzaren eta tatuajeen munduak elkartzea. Horretarako, atal bakoitzean sukaldari batekin elkartu eta harekin truke bat egiteko asmoa du. Sukaldariak plater berezi bat kozinatu beharko dio Mairi, eta azken horrek, trukean, tatuaje baterako diseinua prestatuko dio. Azken helburua, sukaldariari berari diseinatutako irudia azalean tatuatzea. Lortuko ote du? Atal bakoitzean deskubrituko da hori.

Caballerok 28 urte ditu, eta Hendaiakoa (Lapurdi) da jaiotzez. Leioako (Bizkaia) Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen. Sei urte joan dira bere tatuaje estudioa ireki zuenetik: Santa Venus Tattoo Studio (Irun, Gipuzkoa). Maik estilo linearra lantzen du nagusiki; tatuaje finak, loredunak edota mandalak dira haren espezialitatea, baina edozein motatako irudiak osatzeko erronkari gogoz eusten dio. Denetariko tatuaje estiloak aurkituko ditu Dastattoo programako bidaia berrian: irudi errealistenetatik marrazki koloredunetara.

Zortzi atal, zortzi sukaldari

Euskal Herriko zortzi jatetxetan izan da Mai, goi mailako sukaldari eta arduradun nagusiekin abentura berriari era guztietako osagai eta koloreak jartzen. Saioen hurrenkeran, hauek dira protagonistak: Julen Baz (Garena jatetxea, Dima, Bizkaia), Xabier Zabala (Kirkilla Enea jatetxea, Zarautz, Gipuzkoa), Uxue Landa (Ardibeltza jatetxea, Kortezubi, Bizkaia), Ane Lore Lasa (R jatetxea, Donostia), Iker Perez Sarasketa (Mendigoikoabekoa jatetxea, Atxondo, Bizkaia), Ido Garcia (Garraxi taberna, Donostia), Sergio Ortiz de Zarate (Zarate jatetxea, Bilbo) eta IƱigo Sarobe (Sarobe okindegia, Bera, Nafarroa).

Protagonistak eta haien sukaldeak gertutik ezagutuko ditu Maik, baita haiekin batera ekintza esanguratsu bezain desberdinetan parte hartu ere. Bide horretan, muga eta erosotasun guztiak bazter batera uztea egokituko zaio aurkezleari; zortzi atal horietan, zapore berriak dastatu, jaki ezezagunak ahoratu eta nazka eta beldurrei aurre egin beharko die. Azken finean, euskal gastronomiarenak ere badiren alde berezi eta ezberdinak ezagutuko dituzte elkarrekin; gainera, Mairen bidez, tatuajeen munduari buruz gehiago jakiteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Betidanik egon da gure herriko sukaldaritza mundu mailako gastronomiaren mapan ezin hobeto kokatuta; eta sukaldaritzarena bezain luzea ez den arren, mende luzeetako historia da tintaren eta azalaren arteko harremanarena ere. Azken hamarkadetan bereziki, oso modan jarri dira tatuajeak mundu osoan, eta horren lekuko zuzena izan da Mai. Historia luzea izateaz gain, zer antz izan ditzakete bi mundu horiek? Ezberdinak al dira tatuajeak eta sukaldaritza? Galdera horiei erantzuten ahaleginduko dira saioan.

Atal bakoitzak hogei minutu inguru irauten du, eta gaurtik aurrera denak dastatu ahalko dira Primeran doako plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.