'Primorski Dnevnik' egunkari esloveniarrari laguntzak murriztu nahi dizkiote

Italiako Friuli-Venecia Giulia eskualdean argitaratzen da, eta kazetariek egoeraren larritasunaz ohartarazi dute.

urtzi urkizu
2024ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Italiako iparraldean, Friuli-Venecia Giulia eskualdean, eslovenieraz argitaratzen duen egunkari bat bada: Primorski Dnevnik. 1945. urtetik argitaratzen da —aurretik Partizanski Dnevnik egunkaria zegoen—, eta gutxiengo esloveniarrari informazioa emateko egiten du lan. Baina haren egoera ekonomikoa ez da batere ona, eta eskualdeko gobernuak murriztu egin nahi dio laguntza publikoa. Hori hala balitz, bigarren aldia litzateke 2003. urtetik hona. Gutxiengo nazionalak babesteko legearen barne egin nahi dute erakunde publikoek murrizketa hori.

Kazetariek gogorarazi dute iaz egunkariaren aurrekontuak 80.000 euroko «zuloa» izan zuela. «Kinka larrian gaude. Kontuan hartu behar da behin-behinean lanean ari diren kazetari gazteen soldatak galdu daitezkeela. Eta haiek dira egunkariaren etorkizuna». Nabarmendu dute egunkariaren garapena eta langileen lan baldintzak bermatzeko, laguntza publikoak osorik jaso behar dituztela.

Perpaolo Roberti eskualdeko politikariak —Lega alderdikoa da— adierazi du egunkari horretako kazetarien eskaerak «eskualdearen aurkako borroka ideologiko pertsonalak» direla, eta gaineratu du badaudela beste komunikabide esloveniar batzuk.

Primorski Dnevnik egunkaria Midas Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteko kide fundatzaileetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.