Radio Euskadik 40 urte bete ditu, langileen protesta artean

EITBko langileek salatu dute 2009ko lan hitzarmen batekin ari direla produktu berriak egiten

EITBko irratietako zentro arteko batzordeak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko egoitza aurrean. ELA.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 01a
00:00
Entzun
Egun berezia zuten atzo Radio Euskadin, 40 urte bete baitziren aro berrian emankizunak hasi zituenetik —aurretik, 1936ko irailean hasi zen; gerrarekin Bartzelonan finkatu zen; gerra ostean Ipar Euskal Herrira mugitu zen, 1946tik 1954ra; eta Venezuelatik emititu zuen 1965etik 1977ra—. Eta urteurreneko egunean, elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko EITBren egoitzan, taldeko irratien zentro arteko batzordeak deituta. «Ospakizunek ezin dute ezkutatu irrati publikoaren zentro guztiek gaur egun bizi duten egoera», salatu zuten.

Langileen ordezkarien arabera, hamahiru urte daramatzate «hedabide baten errealitatea jaso beharko lukeen lan hitzarmena» negoziatu ezinik. «Euskarri berriak, produktu berriak, eta gero eta produktu gehiago egiten ari gara 2009ko lan hitzarmen batekin», salatu dute langileek. «Egungo lan hitzarmenak ez ditu jasotzen langileok ditugu funtzio berriak, ezta profil berriak ere. Hori gutxi balitz bezala, ezin ditugu erabili lan hitzarmen horretan jasota dauden hainbat tresna». Horien artean, bizitza laborala eta pertsonala kontziliatzeko garaian, zuzendaritzak «ahalik eta erarik murritzenean» aplikatzen duela diote langileek.

Lau eskaera egin dituzte langileen ordezkariek: «Lan hitzarmen berri baten negoziazioa, berehala; lantaldea behar berrietara egokitzea; Euskal Irrati Publikoan ari diren langileek garapen profesionala gauzatu ahal izatea; eta bien bitartean, langileei aplikatzea lehendik onartuta dauzkaten eskubideak, lan hitzarmenaren aplikazio bidegabea alde batera utziz».

Saioak egoitzako hallean

Ez da langileen protesta entzun EITBko hedabideetan urteurrenaz aritu direnean. Aldiz, Radio Euskadin azkeneko urteetan esatari eta solaskide aritu diren askoren ahotsa entzun zen programa gehienetan. Bilboko EITBren egoitzaren hallean egin zituzten irratsaioak: Xabier Garcia Ramsdenek Boulevard berezia egin zuen, eta kolaboratzaile ugari pasatu ziren bertatik. Lourdes Perez, Braulio Gomez eta Iñaki Anasagasti solasean aritu ziren. Horrez gain, Xabier Lapitz, Dani Alvarez, Kike Martin eta Almudena Cacho aritu ziren, besteak beste, mikroaren aurrean.

Toki berean egin zuen Iñigo Lejarzak La Terraza programa, Cesar Perez Gazolazek Kirolaldia, eta Galder Perezek Kultura.eus.

Arratsaldean, Distrito Euskadi saioan azkeneko 40 urteotako une garrantzitsuenak gogoratuz egin zuten bidaia berezia.

Radio Euskadiren urteurrenaren aurretik, Euskadi Irratiak bete zituen 40 urte azaroaren 23an. ETB emititzen hasi zela, berriz, 40 urte bete ziren abenduaren 31ko gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.