Reala-Atletico Madril finalaren berri luze eta zabal emango dute BERRIAk eta EITBk

ETB1 eta La1 kateek zuzenean emango dute, larunbatean, Espainiako Kopako finala (21:00). BERRIAko Iñaut Matauko Rada eta Ainara Rodil Sevillan izango dira.

Mikel Oiartzabal Reala-Levante partidan, apirilaren 4an. JON URBE / FOKU
Mikel Oiartzabal Reala-Levante partidan, apirilaren 4an. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko du etzi Espainiako Kopako finala, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia). Telebistaz eta Internet bidez zuzenean ikusi ahalko da partida: 21:00etan hasita, ETB1 kateak euskaraz emango du, eta La1k gaztelaniaz. EITB taldeak Internet bidez ere emango du ETB On plataforman eta Kirolakeitb.eus atarian. Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere zuzenean emango dute norgehiagoka.

BERRIA egunkariak Iñaut Matauko Rada kazetaria eta Ainara Rodil ikus-entzunezkoen taldeko bideogilea bidaliko ditu Sevillara, finalaren ingurukoak eta zale txuri-urdinen bueltakoak kontatzeko. Bihartik aurrera ariko dira Espainiako hegoaldeko hiri hartan den giroaren berri ematen. Larunbatean, zuzenean kontatuko du webgunean BERRIAk. Eta igandean, askotariko kronikak irakurri ahalko dira; tartean, Donostiako Alderdi Ederren jarriko duten pantaila erraldoiaren emanaldiaren bidez zale txuri-urdinek finala nola bizi duten jasoko dute.

EITBko 30 laguneko taldea

Larunbateko finalari begira, EITBk programazio berezia prestatu du Koparen bila izenpean. Baliabide eta bitartekari ugari jarriko ditu horretarako talde publikoak: 30 profesional baino gehiagoko lantaldea joango da Sevillara. Zuzeneko saioak emango dituzte, eta erreportajeak eta elkarrizketak egingo dituzte.

Bihar eta etzi, ETB1eko eta ETB2ko kiroletako albistegiak Sevillatik aurkeztuko dituzte Ana Ramosek eta Jon Balentziagak. 

Larunbatean bertan, ETB1 kateak, ETB On plataformak eta Kirolakeitb.eus atari digitalak Koparen bila atariko saio berezia emango dute. Amane Ibañezek eta Iñigo Barrenak Bilboko egoitzatik aurkeztuko dute saio hori, eta Sevillan Jon Balentziaga ariko da. ETB2 kateak, berriz, Euskadi quédate especial Koparen bila saioa emango du Sevillatik, 19:00etatik 21:00etara —Odei Esnaola kazetariak aurkeztuko du—.

Bihar, ostirala, Egun on saioko Asier Otegi eta Biba zuek magazineko Xabier Sukia ere Sevillan izango dira, eta zuzeneko konexioak egingo dituzte programa horietan.

EITB taldeak, gainera, presentzia «nabarmena» izango du larunbatean Donostiako Alderdi Ederren jarriko duten zaleen gunean. Bertan, Makusi haurrentzako klubaren gune bat jarriko dute. Donostiako Udalak jarritako pantaila erraldoian, ETB1en emanaldia ikusi ahalko da.

RTVE taldeak gaztelaniaz emango du finala. Telebista konbentzionalean La1 kateak emitituko du finala. Halaber, RTVE Play plataforma digitalean ere emango dute. Ondotik, noiznahi ikusi ahalko da.

Movistar Plus ordainpeko plataforman ere emango dute Realaren eta Athletico Madrilen arteko norgehiagoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA