Espainiako Kopa

Bartzelona-Reala finalaren berri luze eta zabal emango dute BERRIAk eta EITBk

BERRIAko Ainara Arratibel eta Oli Artola Zaragozan dira gaurtik, partidaren ingurukoak kontatzeko. ETB2k zuzenean emango du finala, euskaraz.

Reala-Bartzelona, 2022ko Kopako partida batean. JON URBE / FOKU
Reala-Bartzelona, 2022ko Kopako partida batean. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Realak eta Bartzelonak Espainiako Kopako finala jokatuko dute bihar, Zaragozan (Espainia), 19:00etan. Euskal Herriko hainbat komunikabidek gertutik jorratuko dute final hori. Gainera, zuzenean ikusi ahalko da finala, telebistaz.

BERRIA azkeneko egunetan partida garrantzitsu horren ingurukoak ari da jasotzen bere orrialdeetan. Gaurtik aurrera, bestalde, egunkariko Ainara Arratibel eta Oli Artola kazetariak Zaragozan izango dira. Giro kronikak eta bideoak egingo dituzte handik. Bihar arratsaldean, berriz, finalaren zuzeneko kontakizuna egingo du BERRIAk webgunean. Donostiako Sagues auzoan egingo den festaren kronika ere egingo du egunkariak. Igandean paperezko edizioan ere finalak hartuko du gai nagusia, eta partidaren kronika irakurri ahalko da. Interneteko sare sozialetan ere BERRIAko kazetariek egingo dute partidaren zein giroaren kontakizuna.

Lehia zaila izango da Realarentzat. Izan ere, aintzat hartu behar da Bartzelona Europako Txapeldunen Ligako finalerako sailkatuta dagoela; Lyonen aurka jokatuko du final hori, hilaren 25ean. Aurretik, ordea, Bartzelonak txuri-urdinen aurkako beste final bat jokatuko du. Biharkoa, alegia.

Telebistaz, ETB2 katean ikusi ahalko da finala, euskaraz; eta TVEren Teledeporte katean, gaztelaniaz. Kontuan hartu behar da larunbat arratsaldeetan ETB1ek beti pilota jaialdiak ematen dituela, eta horregatik erabaki dute futboleko finala bigarren katean ematea.

Finalaren emozio guztia zuzenean eskaintzeko, EITBk programazio berezia prestatu du; lantalde zabala izango du Zaragozan, Kopako azken orduaren berri bertatik bertara emateko telebistan, irratian eta webgunean. Finalari begira, hainbat baliabide eta saio berezi jarriko ditu EITBk: set bereziak, erreportajeak, elkarrizketak eta gonbidatuak... Ana Ramos eta Jon Balenziaga kirol kazetariekin batera, Asier Aranguren, Ane Muruamendiaraz eta Asier Otegi arituko dira Zaragozatik albistegietan finalaren berri emateko. Bihar, 16:15ean, ETB2n, Koparen Bila Zaragoza saio berezia hasiko da; Leire Torrek eta Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko dute saio hori, gaztelaniaz. Futbol zelaiaren ondoan jarritako set berezian jende ezaguna izango dute. Zaragozako zein Donostiako giroaren berri zuzenean emango du ETB2ko arratsaldeetako ohiko berriemaileen lantaldeak. 18:30ean, berriz, kiroletako lantaldeak hartuko du lekukoa, Koparen Bila bereziarekin, euskaraz eta ETB2n: Amane Ibañez izango da platoan, Ana Ramos estadioan eta Asier Aranguren, berriz, elkarrizketak egiten. Naxari Altunak egingo du kontakizuna, Nerea Zusberroren eta Larraitz Lukasen laguntzarekin.

Saguesen festa berezia

Euskadi Irratian, Maitane Urbieta, Iñaki Berastegi, Asier Odriozola, Eneritz Aulestia eta Julen San Martin arituko dira lanean Zaragozatik, eta, gaurtik aurrera, zuzeneko konexioak egingo dituzte saio eta albistegietan. Bihar, Hiru Erregeen Mahaia saio berezia egingo dute, 16:00etan hasita. Finalaren zuzeneko kontaketa ere entzun ahal izango da, Maitane Urbietaren ahotsean. Nerea Abancens, Juanan Larrañaga eta Gari Uranga izango ditu alboan.

Radio Euskadiri dagokionez, finala Romareda zelaitik kontatuko dute Txema Olidenek eta Diego Arambalzak, Luis Fernando Dadie eta Maria Ortiz de Pinedo Mery-ren laguntzarekin. Alex Peralek emango du Donostiako kaleetan biziko den giroaren berri.

EITB Taldeko eduki berezi guztiak ikusgai eta entzungai egongo dira Eitb.eus webgunean: argazkiak, audioak, bideoak... Gainera, finalaren inguruko azken orduaren berri emango dute, eta eduki guztiak bilduko dituen atal berezia prestatuko dute: eitb.eus/erregina-kopa.

Donostiako Saguesen bihar egingo duten festa handian ere parte hartuko du EITBk. Nahia Sillero aktoreak dinamizatu eta aurkeztuko du hitzordua, eta, besteak beste, Irabazi Arte gunea —errealitate birtualeko bi set—, Go!azen ikuskizuna, Makusi txokoa eta Gazteako DJ bat izango dira bertan. Pantaila erraldoia ere ez da faltako, Realaren partida bertatik ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.