Rosaliak argazkilariei jarritako betoak kontrako erreakzio ugari eragin ditu

Lisboako eta Bartzelonako kontzertuetan, musikariak ez die utzi argazkilariei estadioetan sartzen eta beren lana egiten. Elkarte ugarik protesta egin dute erabaki hori dela eta.

Rosaliaren kontzertua Madrilen, martxoaren 30ean. SHARON LOPEZ
Rosaliaren kontzertua Madrilen, martxoaren 30ean. SHARON LOPEZ
urtzi urkizu
2026ko apirilaren 14a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizabanakoren bat graziaz egurtzen du Rosaliak La Perla abestian. Baina hainbat kazetari eta argazkilari elkartek Rosalia bera salatu dute azken egunotan. Izan ere, kezka eta protestak eragin ditu Portugalen eta Katalunian Rosaliak Lux birako kontzertuetan argazkilari edo kazetari grafikoei betoa ezarri izanak.

Rosaliaren kontzertu bira antolatzen duen enpresak hainbat kontzertutan kantariaren argazkiak bidali dizkie komunikabideei. Lisboan, kasurako. Eta Portugalgo Kazetarien Sindikatuko zuzendaritzak salatu du gizartea galtzen ateratzen dela «kazetaritza hizkuntza propagandaren zabalkundeak ordezkatzen duenean». Madrilgo kontzertuetan ere betoa ezarri zieten argazkilariei, eta sare sozialetan kexa batzuk izan ziren.

Katalunian, haserrea handiagoa izan da. Egunotan, Rosalia Bartzelonako Sant Jordi jauregian ari da kontzertuak ematen; atzo eman zuen lehen kontzertua, eta datozen egunetan emango ditu hurrengo hirurak. Argazkilariei beren lana egitea galarazi die, eta erabaki horren aurkako agiriak plazaratu dituzte Kataluniako Kazetarien Elkarteak, SPC Kataluniako Kazetarien Sindikatuak, UPIFC Sindicat de la Image sindikatuak eta Ramon Barnils kazetari elkarteak. «Fotokazetariak informazio sortzaileak gara. Ekitaldien, egoeren eta gertaeren lekukotza ematen dugu. Informatzaile grafikoei kontzertu batean sartzea galaraztea adierazpen askatasunaren eta informazioaren aurkako eraso bat da», salatu du Sindicat de la Image sindikatuak.

Ramon Barnils kazetari elkarteak, era berean, adierazi du kazetariei musikariak jarritako mugak ez duela justifikaziorik. «Halako praktikak irmoki salatu nahi ditugu, kazetaritza jarduera edo praktika galarazi edo mugatzen dutelako. Kasu honetan, fotokazetaritzaren eremuan, promotoreak, komunikazio taldeak eta ekitaldien antolatzaileak gero eta gehiago ari dira mugak inposatzen, kontrol arbitrarioak ezartzen eta aurretiko zentsura ezartzen».

Elkarteek, era berean, ohartarazi dute ez duela zentzurik kontzertura doazen herritarrek libreki irudiak grabatu ahal izatea, eta prentsa profesionalari betoa ezartzea. «Diskriminatzailea da eta Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua urratzen du».

Argazkilari talde batek, Jordi Borras tartean dela, idatzizko eskakizun bat egin du Bartzelonako Udalean, adieraziz Sant Jordi jauregia udalarena dela, eta «oinarrizko eskubideak bermatzeko betebeharra» dagoela han. Borrasek dei egin die komunikabideei Rosaliaren birako komunikazio taldeak bidaltzen dituen argazkiak ez argitaratzeko. Udalak ez die erantzun, oraingoz.

ACN Kataluniako Albisteen Agentziak erabaki du, argazkilariei sarrera ukatzen bazaie, ekitaldi horietako argazkirik ez argitaratzea. «Ez kazetariek modu desegokian ateratakoak, ezta musikariaren birako enpresak bidalitakoak ere».

Bayonak Donostian

EIGE Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen elkarteak babesa adierazi die Kataluniako argazkilari profesionalei: «Fotokazetariak informazio sortzaileak gara. Ekintzen, egoeren eta berri eman beharreko gertakarien testigantza ematen dugu. Informatzaile grafikoen sarrera eragoztea adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen aurkako erasoa da», esan dute Euskal Herriko argazkilariek.

Rosaliaren kontzertuena ez da kasu bakana. Kataluniako hainbat argazkilarik azaldu dutenez, nazioarteko beste artista batzuek ere ezarri izan dituzte halako betoak estadioetan. Baita Sant Jordi jauregian ere.

Euskal Herrian gertatu izan da halakorik. Larunbatean, kasurako, Juan Antonio Bayona zinemagile eta ekoizleak hitzaldi bat emango du Donostiako Kursaalean, Club de Creatividad erakundeak antolatutako C de C publizitate jardunaldietan. Komunikabideei jakinarazi zaie Bayonaren hitzaldian argazkilariek ezingo dutela argazkirik atera eta ezingo dela hitzaldia grabatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA