Sei film emango dituzte datozen egunetan ETB1en

Hilaren 9an, 'Pura vida' emango dute, Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak Iñaki Otxoa de Olza mendizaleari buruz egindako dokumentala

Amaren eskuak filma emango dute ETB1en datorren asteartean. Irudian, Ainara Gurrutxaga aktorea. BERRIA.
urtzi urkizu
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez Ben Hur, ez Quo Vadis. Baina ETB1 kateak Aste Santuan eta Pazko astean hainbat film emango ditu. Ohiko programazioko saio batzuek atsedena hartu ohi dute sasoi honetan. Horrenbestez, garai ona da kateentzat zinema eskaintzeko. Euskaraz estilo ezberdinetako filmak ikusi ahalko dira datozen egunetan.

Hilaren 7an, asteartea, Amaren eskuak filma (2013) emango dute, 22:30ean. Mireia Gabilondo zuzendariak Karmele Jaioren eleberria eraman zuen pantailara. Ainara Gurrutxaga aktoreak jokatzen du Nerea protagonistaren rola. Drama sentibera da.

Hilaren 9an, berriz, Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen inguruko Pura Vida film dokumentala (2012) emango dute. Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak zuzendutako lan horrek euskal ekoizpen onenaren Serbitzu saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. 2008. urtean, Annapurnaren hego isurialdean, 7.400 metrotara, Otxoa de Olza azkenetan dago. Harekin dagoen lagun mendizaleak alarma oihua eman du. Munduaren beste puntatik, Himalaiaren historian aurrekaririk ez duen erreskate bat antolatuko dute. Dokumentalean Nafarroako mendizalea ezagutu zuten hainbat lagunen elkarrizketak tartekatzen dira. Raul de la Fuenterena da argazkia.

Gaur, euskarazko kateak Rob Minkoff zinemagilearen Stuart little (1999) filma emango du, 18:40an. Familia osoarentzat da, eta rol protagonistak Geena Davisek, Jonathan Lipnickik eta Hugh Lauriek jokatzen dituzte. Arratoi txiki baten gorabeherak kontatzen dituzte filmean. Little familiak adoptatu egingo du, eta sendiaren kide bat gehiago bihurtuko da.

Igandean Yogi Bear filmaren txanda iritsiko da (21:30). Animazioa eta pertsonaia errealak nahasten ditu Eric Brevig zinemagileak. Dokumentalak egiten dituen zuzendari bat (Anna Faris) Jellystone parkera joan da, proiektu bat filmatzeko asmoz. Han Yogui hartza aurkituko du, baita haren lagun Boo-Boo eta Smith basozaina ere. 2010ean estreinatu zuten zinema aretoetan, eta harrera ona izan zuen neska-mutikoen artean.

Astelehenean, ETB1ek Zigortzaileak euskal filma emango du (21:05). Arantza Ibarra eta Alfonso Aranda dira zuzendariak. Aktoreen artean, berriz, Anne Igartiburu, Loli Astoreka eta Carlos Sobera daude. Eskolako jazarpenaren gaia lantzen du, baina umorez. Neska-mutiko batzuk superheroi bilakatuko dira, ikastetxeko abusatzaileen aurka egiteko.

Hilaren 8an, asteazkena, The Dark Knight Rises (Zaldun ilunaren jaikiera) filma ikusi ahalko da euskaraz bikoiztua. Christopher Nolan zinemagileak Batmani buruz egin zuen film hori 2012ko hamar onenen artean hautatu zuen American Film Institutek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.