Hamabigarren urtez, nazioarteko websailen jaialdia antolatu dute Bilbon. Seriesland da jaialdiaren izena duela urte batzuetatik hona, eta euskarazko fikzio batzuk ere ikusteko aukera izango da datozen egunetan. Ostegunean hasi eta igandera arte iraungo du 12. Seriesland jaialdiak.
Euskal Sailan, Bat, bi, hiru eta lau. Doinuak hamalau! euskarazko websaila estreinatuko dute. Musika hezkuntza lantzen dute saioaren hamar ataletan: notak, erritmoak, melodiak eta harmonia... Gaztetxoei zuzenduta dago. Kolorez eta dibertsioz betetako abenturak biziko dituzte protagonistek. Haurrei zuzendutako beste websail batzuk ere emango dituzte.
EITB taldeko Primeran plataforman aurten estreinatu dituzten hiru telesail emango dituzte ostiral gauean: Argi gorriak, Piztiak eta Odol ilargia. Larunbatean sariak banatzeko ekitaldia egingo dute Bilboko Guggenheim museoan, 20:00etan. Iaz bezala, Euskal Herriko eduki sortzaile onena ere sarituko dute. Hautagaien artean Julen Unanue, Aritz Mendiola eta Asier Morillo daude.
Aurten herrialde gonbidatua Quebec da. Herrialde horretako Catherine Moreau eta Katie Uhlmann sortzaileek jardunaldi profesional batean parte hartuko dute ostiralean, Azkuna zentroko Bastida aretoan. Toki horretan bertan aurkeztu dute gaur jaialdiaren 12. aldia.