Hiru Damatxo ekoiztetxean urteak daramatza Lander Arretxeak (Donostia, 1992), askotariko lanak egiten. Linbo saioko zuzendaritza konpartituan Asier Kortabarria batu zaiola nabarmendu du. Eta funtsezkotzat jo du Beñat Iturbe eta Jone Bengoa gidoilarien lana. Lander Varona umorista ere batu zaie erredakzioko lanean.
Zer ikasi duzue Linbo-ren lehen denboralditik bigarrenera?
Dena genuen ikasteko; denentzat zen esperientzia berria. Modu asanblearioan egin izan dugu lan, bilera askorekin. Eta ikasi ditugun gauzetako bat izan da lanak ondo banatzea, ez hainbeste duplikatzeko. Bestalde, Aitziber Grados aurkezlea saio baten taldearen erdira iritsi zen, eta bigarren denboraldi honetan nahiko genuke Gradosi toki gehiago eman eta saioa harentzat prestatu, beretik egin dezan saioa ere. Era berean, EITBn ezohikoa den belaunaldi bat dago saioaren atzean eta talde artistikoan, eta hori da gure indargunea.
Formatuan aldaketarik egingo duzue?
Ez da aldaketa handirik izango. Iaz, atal bakoitzean hiru kolaboratzaile agertzen ziren, eta aurten bi agertuko dira. Elkarrizketei pisu handiagoa eman nahi diegu. Iaz konturatu ginen elkarrizketatu batzuei espazio gehiago ematea bagenuela, eta aurten horretan saiatuko gara. Oinarrian iazko lantaldea mantenduko dugu.
Grabaziotik emisiora tarte laburragoa pasatuko al da?
Bai, hain zuzen ere, bi astean behin asteazkenetan bi atal grabatuko ditugu, eta horietako bat igande horretan bertan emango dute Primeran-en. Beraz, aktualitatetik gertuago ibiliko gara iaz baino. Aldi berean, konturatu gara saioz saio eraiki behar dugula Linbo.
EITBtik zerbait berezia eskatu dizuete?
Zorionez, sintonia onean ari gara. Belaunaldi ikuspegiarena bada EITBk gurekin duen jarrera bat. Ausardia puntuarekin jarraitzeko eskatu digute. Aitziber Gradosi potentzialtasun handiagoa izateko bidea eskaini nahi diogu.
Sare sozialetan baten batek galdetu du: zergatik Primeran-en bai, eta ETBn ez?
Hau ez dut atzerapauso bezala bizi. Sinesten dut Primeran-ek ekarri duen eta ekar dezakeen horretan. ETB1erako saioak egiteak muga batzuk ditu; esaterako, ordubete iraun behar zuten atalek. Publiko orokor batentzat egin behar zen. Primeran-en askatasun handiagoz ariko gara, beste publiko batzuen bila, eta modu esperimentalagoan aritzeko aukera dugu. Erronka polita da guretzat Primeran-en toki bat egitea.
Telebista konbentzionalaren ikusle datuen morrontza ez duzue izango.
Jakinda gure publikoa nagusiki gaztea dela, sinesgarriagoak iruditzen zaizkigu bai sare sozialetan bai Primeran-en bertan jaso ditzakegun datuak. Neurgailu hobea da hori, telebista konbentzionaleko audimetroena baino.
Aitziber Grados aurkezlea eta kolaboratzaileak lasaiago ikusten dituzu iaz baino?
Ez da alferrik pasatu urtebete. Denok aukera izan dugu iazkoa distantziatik begiratzeko, eta gogo biziz gaude etorriko denari heltzeko. Gradosek nortasun propioa du, eta hari espazioa emango diogu, beretik aritu dadin.

Late night show gutxi egin izan dira euskaraz. Beharra dago halakoak euskaraz egiteko?
Euskaraz eta hizkuntza guztietan. Umorea tresna oso indartsua da gure errealitate askotarikoaz hitz egiteko, eta hori ahalbidetzen duten formatuak behar ditugu. Bestalde, kultur sortzaileen elkarrizketa asko promoziokoak izaten dira, eta guk beste zerbait arakatzeko bidea bilatzen dugu.
Hiru Damatxo bezalako ekoiztetxe batentzat, zein dira zailtasunak?
Ezohiko ekoiztetxea gara. Kooperatiba bat gara, lau bazkide gara. Eta uztartzen ditugu komunikazio zerbitzuak, podcastak, Ikusgela bezalako proiektuak, eta, Linbo bezalako proiektu bati heltzen diogunean, ikastea dagokigu. Erronka handia izaten da dena uztartzea. Galdera marka permanentean bizi gara, gainera.
Jakin aldizkarian (E)zinezko misio bat artikulua idatzi duzu, 2025eko kezka eta gazi-gozo batzuk plazaratuz. 2026. urtea nola ikusten duzu?
Urte interesgarria izango da. ETBren unibertsoaren barruan, fikzio berriak datoz. Egile batzuk aurreneko aldiz ari dira telesailak egiten, eta jakin-mina dut ikusteko ea zer egiten duten. Zerbait berria ekarriko du horrek, begirada berriak dira. Badirudi Primeran-en formatu berriak ere estreinatuko dituztela, eta, nahiz eta badakigun euskarazko plataformek tokia egitea ez dela erraza, uste dut komeni zaigula Primeran-en bultzada bat eta garai oparo bat izatea. Horretarako, ezinbestekoak dira eduki ausartak, sortzaileei tokia egitea... eta nire esperantza da urtearen lehen parte honetan horretarako aitzakiak egongo direla.
Gazteek streaming plataformetan kontsumitzen dituzten edukien %1 da soilik euskaraz.
Bai, erronka handia daukagu. Edukiz eduki eta astez aste borrokatu beharra dago, baina gaur egungo gazteekin konektatuko duten edukiak egin beharko dira. Haien kezkak, haien gaiak, haien erreferenteak... eta algoritmoaren tiraniatik askatuko gaituzten bideak urratu.