Proiektua aurrera eramateko zailtasunak izan dituen arren, gustura da sorginen inguruan egin duen dokumentalarekin Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965). Gozatu egin du komikitik ikus-entzunezkoetara jauzi egitearekin.
Dokumentalaren izenburua Ni ez naiz sorgina izan zen hainbat hilabetez. Sorgina, banaiz izenburuarekin estreinatuko duzue. Zer gertatu da?
Izenburuarekin gertatu da filmarekin berarekin gertatu dena. Duela urte eta erdi ekin genion proiektuari, eta bidaia zoragarria egin dugu. Jende askorekin gurutzatu naiz, toki aunitzetara joan, ebidentziak eta deskubrimenduak topatu... Eta bai dokumentala bera eta bai izenburua aldatu egin dira.
Zer bide hautatu duzu dokumentala egiteko?
Dokumentalak egiteko infinitu bide daude. Baina, oro har, bi bide daude: bata da norberak egitea dokumentala justifikatzeko norberaren hipotesia, eta bestea da abiatzea abentura horretan, eta ondorioak izango dira ibilbidean aurkituko direnak. Guk bigarren mota hori hautatu dugu, eta dokumentala ez da hasieran pentsatzen genuen hura.
Zer topatu duzu zuk, eta zer topatuko du ikus-entzuleak?
Sorginen mundua leku komunez beteta dago. Mendean barna hartutako egiak daude, eta beharbada jende askori erori egingo zaio daraman informazio guztia dokumentala ikusirik. Guri erori zaigun bezala. Ikus-entzuleak bidaia zintzo bat aurkituko du, Euskal Herriko ospakizunetan sorginaz daukagun irudiarekin hasiko dena. Adituen bidez eta baita herritar ezezagunen bidez ere, transmititu zaigun irudi hori deseraikiz joanen gara. Bidaia deseraikitze bide bat da.
Iaz esan zenuen dokumental batek gehiago hunki dezakeela komiki batek baino. Bitxia da hori komikigile batek esatea.
[Barreak] Bai. Eta exijenteagoa da egiteko tenorean. Nire-nirea ez den baratze batean sartu naiz. Lantaldea oso ona da, baina izugarri murritza. Hala ere, azken batean, ikus-entzunezko bat jauzi bat da. Komikiak egitean egokitzapen zinematografiko batean pentsatu ohi dut. Uste dut osatuagoa dela zinemaren artea, komikiarena baino. Integralagoa da.
Nola joan zen proiekturako dirua biltzeko bidea?
Dokumental bat abiatzen duenak lotuak izaten ditu finantzabideak. Guk, ordea, kontrakoa egin dugu: bihozkada batek bultzaturik hasi gara, sos kontuak lotu gabe. Dokumentala amaitu dugu, eta baditugu zulo batzuk betetzeko oraindik. Horregatik, finantzaketa kolektiboak hor jarraitzen du. Emaitzari sumatzen zaio fanzine espiritu bat.
Komiki espiritua ere ba al du?
Bai, badu. Hautatu ditugun planoak oso komiki planoak dira. Animazio txikiak ere egin ditugu. Filmak komikitik badu, dudarik gabe.
«Dena ez da ETB. Gauza askoz interesgarriagoak, freskoagoak eta ausartagoak egiten dira Hamaikan, Kanalduden eta Xaloan»
Ez da ohikoa estreinaldia Hamaikak, Kanaldudek eta Xaloak batera egitea. Nola gauzatu da hori?
Harako hark erran zuen: «Dena ez da ETB». Guztiz ados nago horrekin. Gauza askoz interesgarriagoak, freskoagoak eta ausartagoak egiten dira Hamaikan, Kanalduden edo Xaloan. Bihozkadak, era berean, esan zigun Euskal Herri osoan emititu behar genuela estreinaldia, dena ez baita ETB. Harrera oso baikorra egin ziguten hiru telebista horiek. Lehen aldia da hiruek bat egiten dutena horrelako emisio batean. Jorratzeko bide bat izan daiteke, denen onetan.
Interneten ikusi ahalko da gero, nahierako zerbitzuetan?
Ez, momentuz ez. Bidea izanen da Euskal Herrian barna mugitzea, herriz herri, eta proiekzioekin batera solasaldiak egitea. Lehen proiekzioa bihar bertan egingo dugu, Ataunen [Gipuzkoa], 19:00etan. Ziurra da Maulera, Ondarroara [Bizkaia] eta Hazparnera [Lapurdi] joango garela...
Dokumentalgintzan gehiago saiatzeko gogoz?
Jarraitzeko gogoa badut, xederen bat ere bai. Baina, beharbada, ez hain jende gutxiren artean. Sorginena hiru lagunen artean egin dugu: Aitor Karasatorre errealizadorearen, Eneko Gallarzagoitia ekoizle eragilearen eta hiruron artean. Juan Olalde, berriz, jaialdien kontua begiratzen ari da, eta komunikazioan, Adriana Urmeneta.
ETB1en sorginen inguruko telesail frantses bat ari dira ematen, euskarara bikoiztuta: Suaren alabak. Ikusia duzu?
Beste aukera galdu bat da telesail hori. Euskal Herriko historian gertatu dena emango bagenu fikzio batean, askoz beldurgarriagoa eta interesgarriagoa litzateke, asmatzen dituzten istorio erromantiko eta esoteriko horiek baino. Ez dute besterik egiten, ordea.