Komunikazioa. Ekografiak

Subjektiboki

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Datozen karaktereetan ez naiz objektiboa izango. Ez dut halakorik bilatu. Bilatu banu ere, ez dakit aurkituko nukeen distantzia hartzeko modurik. Nire telesail kutunetako bat ematen hasi dira ETB1en igandeetan. Nik Interneten ikusten ditut, atalez atal, besteak beste Walter eta Peter Bishop eta Olivia Dunhamen gorabeherak. Zientzia eta fikzioa edo zientzia fikzioa niregana gerturatu duten lanetako bat da Fringe.

Iragan bi asteetan ez duela harrera onik izan ikus-entzuleen artean. Ez nau harritzen, egia esan behar badut. Lehen begiratuan, gaia ez da gurean arrakastatsua. Izan liteke ohitura faltagatik, gure kulturaren eraginez edo afalostean sabela irauli dezaketen irudiak irensteko puruegiak garelako. Eman zaion oihartzun urriak ere izango du zeresanik, noski. Baliteke, telesaila porrotera kondenatua izatea estreinatu aurretik ere. AEBetan ere badu kontraesan horretatik. Zaleak ez dira zale soil, ezpada sutsu. Maitemindu egin ditu zenbait. Orokorrean, ordea, ez du espero zen datu onik jaso. Hori dela eta, maiz entzun dira telesailaren amaiera iragartzen zuten zurrumurruak. Zurrumurru horiek berretsi egin zituzten ekoiztetxeko arduradunek duela hilabete batzuk. Hirugarren denboraldia izango du azkena. Gaitz erdi, istorioari amaiera emateko aukera izango dute, behinik behin, egileek.

Esandakoak esanda, eskertzekoa ere izan liteke telesaila ETB1en emateko hautua. Ez da ohikoa kanpoko produktu bat zuzenean euskarazko katean ematea. Ziur asko, datu hobeak izango lituzke ETB2n jarriz gero. Izango da arrazoiren bat erabakiaren atzean. Ez dut zein den ziurtasunez esateko zantzurik.

Dena dela ere, beste xehetasun batek eman dit bereziki belarrietako mina, Fringe euskaratuari so jarrita. Maiz hausnartu dut bikoizteko edo azpidazteko demak eragin dezakeen gatazka zail eta zaharraren inguruan. Kasu honetan, bikoizlarien lana egokia iruditu zait. Haiek aukeratu dituenak eragin dit belarrietako mina. Ez da esan beharrik aktore bakoitzaren ahotsa haren pertsonaiaren parte dela. Eta bikoizketa honetan, nekez transmititzen da hainbat pertsonaiaren seriotasuna, zurruntasuna eta hoztasuna. Pertsonaiek pertsonalitatea galdu dute. Horrek, nola ez, istorioari, argumentuari eragiten dio; batez ere, Olivia Dunhamen kasuan: telesailaren motorretako baten kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.