Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kioskoetan eta paper dendatan gehien saltzen den egunkaria da Sud Ouest frantsesezko kazeta. Lemoine familiak izan du azkeneko urteetan enpresaren akzioen gehiengoa, baina Belgikako Rossel komunikazio taldeak erosi du orain. Belgikako prentsa frankofonoan liderra da Rossel, eta erosketarekin aurrera egiteko azken pausoa eman dute: Frantziako kontrol erakunde arautzaileek oniritzia eman diote erosketari, eta ebatzi dute hedabideen kontzentrazioan ez dela arazorik.
Rossel taldea 1887. urtean sortu zuten. Le Soir Phare izan zen taldearen lehen egunkaria. Baina gaur egun taldeak hainbat egunkari ditu: La Voix du Nord, Le Courrier Picard, l'Union-l'Ardennais, eta baita hainbat aldizkari ere. 1.700 langile inguru ditu Frantzian.
Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, ehun milioi euroren truke erosi du Rosselek Sud Ouest. Egunkariak 525 milioi euro fakturatu zituen iaz. Zazpiehun langile ditu; tartean, 230 kazetari. Azkeneko urteetan hainbat erabaki hartu behar izan du enpresak; 2024an, 81 langile kaleratu zituzten. Aurten plan bat onartu dute, non 50 langileri borondatezko irteera eskainiko dieten edo ordezkapenik gabe lanpostua kenduko duten. Ipar Euskal Herrian ez ezik, Bordelen eta Okzitaniako beste eremu batzuetan liderra da Sud Ouest. Enpresaren diru sarreren %30 inguru paperezko egunkarietatik aparte izaten dituzte.