'Sud Ouest' egunkariak TVPI tokiko telebista katea erosi du

urtzi urkizu
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ale gehien saltzen dituen egunkaria da Sud Ouest, eta ikus-entzunezkoetan sartzeko urrats bat egin du orain: TVPI tokiko telebista katea erosi du. Erosketan, era berean, Nicolas Olano eta Jean-Marc Xarriton Lapurdiko enpresariek hartu dute parte. TVPI kateak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan emititzen du, baita Landetako hegoaldean (Okzitania) ere. Lurreko telebista digitalean, 30. kanalean du frekuentzia.

Olanok nabarmendu du Michel Lamarque TVPIko arduradunak «lan nekeza» egin duela katea aurrera ateratzeko. Azaldu duenez, telebistaren «esperientzia berriak» aukera emango die Euskal Herriko kultura eta balioak sustatzeko. Olano eta Xarriton izan dira operazioaren sustatzaile nagusiak, eta katearen akziodunak izanen dira aurrerantzean.

TVPIk hogei urte bete ditu. Michel Lamarque izan zen sortzailea. Sud Ouest-ek nahiko luke telebista katea «komunikazio bektore dinamiko batean» bilakatu.

Sud Ouest-ek frantses hutsean argitaratzen ditu bere edukiak, eta sei edizio desberdin ditu Akitania Berriko eskualdeetan. Orotara, edizio guztiak aintzat hartuta, 300.000 ale inguru saltzen ditu. Pierre Sabathie da Euskal Herriko edizioko editore burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.