ETB

'Teleberri' sortu zenetik berrogei urte

Gaur beteko dira berrogei urte Euskal Telebistak gaztelaniazko lehen albistegia eman zuenetik.

Juan  Luis Bikuña izan zen 'Teleberri'-ko lehen aurkezlea. 1983an hasi zen, abenduaren 19an.
Juan Luis Bikuña, 'Teleberri'-ko lehen aurkezlea. BIKUÑA SENDIA
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Euskal Telebistak 1982ko abenduaren 31ko gauean egin zuen lehen emankizuna. Otsailean ekin zion euskarazko albistegiak emateari, baina ia urtebete pasatu zen gaztelaniazko albistegiekin hasterako. Gaur beteko dira berrogei urte ETBk lehen Teleberri eman zuenetik.

Telebista publikoaren aurreneko emanaldia euskaraz eta gaztelaniaz izan zen. Otsailean hastekoak ziren albistegiak, bestalde, gaztelaniaz egiteko agindua jasoa zuten ETBko albistegietako taldekoek. Luis Alberto Aranberri Amatiño zen albistegietako zuzendaria telebistaren hastapenetan. Baina eguneroko albistegiak emititzeari ekin baino egun gutxi lehenago, Eusko Jaurlaritzatik agindua jaso zuten albistegiak euskaraz egiteko. Izan ere, 1983ko urtarrilaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza bildu zen Joseba Arregiren zuzendaritzapean, eta aurretik onartua zuten irizpidea aldatzea erabaki zuten. Horiek horrela, Amatiñok gidatutako taldea albistegiak gaztelaniaz egiteko entseguetan ari zela, euskaraz egiten hasi ziren. 1983ko otsaileko lehen asteetan hasi ziren ETBn Gaur egun euskarazko albistegia ematen, Amatiño aurkezle.

Dena den, ordurako albistegietako taldean baziren euskaraz ez zekiten kazetari batzuk; tartean zen David Barbero erredaktore buruetako bat —bestea Luis Mendizabal zen—. Baita Francisca Fernandez Valles ere. Eta bazekiten lehenago edo geroago gaztelaniazko albistegiak iritsiko zirela. 1983ko abenduaren 19an ekin zioten, azkenean, Teleberri egiteari. Ordutik hasi eta hurrengo hilabeteetan, ETBko programazioa modu honetan antolatu zuten: gaztelaniazko programazioa 13:00etatik 15:00etara —tartean, albistegia—, eta euskarazko programazioa 19:00etatik 22:00etara —tartean, Gaur egun albistegia—. Juan Luis Bikuña kazetaria izan zen Teleberri-ko aurreneko aurkezlea. Urte luzez aritu zen Bikuña ETBn —erretiroa hartuta dago—.

1984an eta 1985ean modu berean jarraitu zuten: ETBn eguerdiko albistegia gaztelaniaz zen; eta iluntzekoa, euskaraz. 1985. urtean, Jose Maria Gorordo izendatu zuten EITBko zuzendari nagusi. Eta handik hilabete batzuetara, 1986ko maiatzaren 31n sortu zen ETB2 katea. Orduan aldatu egin zen Euskal Telebistaren hizkuntz banaketa: ETB1 euskara hutsezko kate bilakatu zen, eta ETB2 kate berria erabat gaztelaniaz emititzeko kanala bihurtu zen. Hala izan da gaur egun arte.

Desorekak

ETB2 kateko Teleberri albistegiak ikusle datu onak lortzen ditu. Iaz, %18ko ikusle kuota lortu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; euskaldunen artean, %23,8koa. Askotan aipatu izan da ETB2ko albistegiek ordutegi hobeak dituztela euskarazkoek baino: eguerdikoa 14:00etan da ETB1en, eta 15:00etan ETB2n; eta gauekoa, 20:00etan da ETB1en, eta 21:00etan ETB2n.

Desoreka gehiago ere izan dira bi albistegien artean. Esate baterako, hainbat urtez larunbat eta igande gaueko gaztelaniazko albistegia askoz luzeagoa zen euskarazkoa baino. 2020ko udaberrian aldatu zen hori, koronabirusaren krisialdian —bi kateetako albistegien ikusle datuek gorantz egin zuten nabarmen—. Bolada luze batean, bestalde, astegunetako saskibaloi partiden eraginez ez zuten euskarazko albistegia ematen, edo atsedenaldian egiten zuten, labur-labur.

Gertakizun oso garrantzitsuak izan direnean, bestalde, ETB2n jarri izan du indarra talde publikoak. Adibidetzat jo daiteke 2001eko irailaren 11n gertatutakoa: New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoa izan zenean, ETB2k zuzeneko albistegi berezia egin zuen. Aldiz, ETB1en ohiko programazioarekin jarraitu zuten: animalien dokumental bat emititzen.

Albistegietako ildo editorialaren inguruan ere izan dira kritikak azken urteetan. EITBko langile batzordeek elkarretaratze bat egin zuten 2022ko urriaren 24an, «zentsura» salatzeko: «EITBko hedabideetan ohikoa da Eusko Jaurlaritzari komeni ez zaizkion eta EAJren irudia hondatu dezaketen albisteak ez ematea edota horiei ahalik eta denborarik gutxiena eskaintzea». Enpresa batzordeen arabera, hori gertatu da, besteak beste, De Miguel auziarekin, Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko hiru alkate ohiri ustelkeriagatik eginiko inputazioarekin eta AHTren gaineko informazioarekin.

Gaur egun, Arantza Ruiz da EITBko albistegietako zuzendaria. Eguerdiko Teleberri Africa Baetak aurkezten du, eta gauekoa, Juan Carlos Etxeberriak; asteburuetan, Xabier Ormazabal aritzen da aurkezle. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Teleberri da gehien ikusten den albistegia. Hainbat herritarrek edozein albistegiri deitzen diote teleberri, nahiz euskarazkoa edo beste telebista kate batekoa izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.