EITBk sortutako Kontseilugune aholku-organurako gogoeta pertsonal mamitsua egin zuen duela hilabete batzuk Jon Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Sustatu.com-en irakur daiteke Euskal Telebista eta euskal telebista testua.
Zer ekarpen egin dio, zure ustez,30 urte hauetan ETBk euskal gizarteari eta euskarari bereziki?
Erantzunak bi alde izan ditzake. Lehenik, egindakoari aitorpena egingo nioke. Ekarpena handia izan da. Euskara biziberritzeko zutabeetako bat da hedabideena, eta zutabe horren erdigune bat izan da ETB. Gauza asko egin da, eta batzuk, ondo. Bestetik, erdipurdi egindakoez eta galdutako aukerez ere gauza asko esan liteke. Baina garrantzitsuagoa iruditzen zait beste hau: euskarazko telebista espazioa ulertzeko eskema bera aldatu beharra dago.
EITBren legea zaharkituta dagoela iruditzen al zaizu?
Zaharkitua iruditzen zaidana da telebistari buruzko politika publikoaren matrizea bera. Euskarazko telebista pentsatzerakoan, monokultiboaren eredua izan dugu 30 urtean. Eredu horretan, telebista publiko batek bete behar zuen espazioa, eta dirutza publikoa horretara jarri da. Etorkizunean, datorkigunari gure aukera onenekin aurre egitekotan, beste matrize bat behar genuke. Matrize konbinatua. Telebista publikora diruaren zati on bat bideratu, eta gizarte ekimeneko telebista kate batzuk partzialki finantzatuz eskaintza askotarikoagoa sustatu, euskal komunitatearen nerbio zibilari lotuagoa, sustraituagoa, aukera gehiagokoa. Arrazoi asko daude hori horrela egiteko.
Zer lehentasun izan beharko luke ETBk datozen urteetarako?
Hasteko, trantsizioko ETB bat behar dela uste dut. Euskararen telebista espazioa bera dela uste duen ETB bat atzean utzi, eta euskararen telebista espazioaren parte garrantzitsu bat soilik dela ulertu behar duen ETB bat sortu. Programazioari dagokionez, erraza da kanpotik behatzarekin seinalatzea hutsuneak, baina zezenari adarrari helduta dagoenak daki adarren berri. Audientzien kontua oso konplexua da, eta ETBk panorama gordina izango du edozein kasutan. Telebista autonomiko bakar batean diru guztia jarrita ez goaz oso urrun, fragmentazioaren egoera errotik aldatu baita. Eskema ere erroan aldatu behar dugu. Monokultiboko eskema honekin jarraituz gero, eta telebistarako dugun diru guztia ETBn jarriz gero, euskararen telebista espazioaren potentziala murritza izango da.
Azkenaldian, ETB1eko saioek ikusle datu txikiak dituzte. Zein izan daiteke horren arrazoia?
Asko, baina tartean bat, euskaltasunari buruzko atxikimenduaren modalitatea aldatzen ari dela. Eskaintza uholde baten erdian euskarazko eskaintza esanguratsua izatea ez da erraza. Komunitatearen zuntzak ezagutu eta hor asmatu behar da, eta kate batek ezin du hori egin.
Zer motatako edukiak proposatuko zenituzke ETB1erako?
Ez naiz ausartzen argitan esatera. Denok ditugu gure ideiak, eta oso erraza da esatea. Edozein kasutan, bi poloren artean ibili beharra ikusten dut. Batetik, ikus-entzule datuen joera unibertsaletan funtzionatzen duenaren poloa, ezinbesteko erreferentzia dena. Bestetik, beste polo bat galdetzen duena zer den beste telebistek eskaini ez dezaketena eta euskaratik eskain daitekeenaren plusa.
Desoreka bat badago Eusko Jaurlaritzak ETBrentzat ematen duen diruaren eta tokiko euskarazko kateentzat ematen duenaren artean. Aurten, ETBrentzat, 124 milioi; eta euskarazko tokikoentzat, milioi erdia (zazpi kate). Zer iritzi duzu desoreka horren inguruan?
Hor dago gako nagusia. Ez tokiko telebistetan, baizik eta, oro har, euskarazko telebista espaziorako dirua modu konbinatu batean banatzean. Telebista publikoa, gizarte ekimeneko telebista nazional berriak, tokiko telebistak, Interneten telebista edukiak eskaintzen dituzten euskal hedabideak… Guztien arteko planteamendu konbinatu bat egiten badugu, beharbada euskal hiztunari zerbait eskainiko diogu pantailaren aurrean esertzen denean. Hala ere, ez da asko izango.
Euskarazko tokiko kateez gain, zenbait euskal hedabide ikus-entzunezko edukiak ari dira egiten (BERRIA, Argia...). Horiei laguntza gehiago emateaez al lizateke egokia izango?
Bai. Eta horiek beren kate egonkorra sortzeko baliabideak balituzte? Ez lukete kantitate astronomikorik beharko. ETBrako diruaren %10ekin eskaintza partzial onak egin ditzakete komunitate horrentzat. Hori da bidea. Ez naiz kentzeaz ari, gehitzeaz baizik. Edozein kasutan, dagokeena desberdin banatzeaz. Badakit hori esatea deserosoa dela, publikotasunaren diskurtsoari eusten interes pribatu eta partikular asko baitago, paradoxikoki.
ETBren, euskaraz aritzen diren kateen eta beste euskal hedabideen arteko elkarlana planteatzeko une aproposa izan al daiteke oraingoa, kontuan izanda diru publikoa ere ez dela askorik handituko datozen urteetan?
Elkarlana beharrezkoa da, baina planteatu behar dena gehiago da: telebistarako dagoen diru publikoaren meloia irekitzea. Diru hori modu konbinatuan banatuz etekin sozial handiagoa ateratzea, energia zibil enpresariala telebistagintzarako baliatzea eta euskarazko telebista espazioaren matrizea aldatzea. Irratian ere, gauza bera egiteko arrazoiak aspaldi pilatuak daude.
ETBri buruzko elkarrizketa sorta osorik, helbide honetan irakurgai:
berria.info/guregaiak/189/
Komunikazioa. ETBk 30 urte: Iragana eta etorkizuna (eta V). Jon Sarasua. Soziologoa eta Huheziko irakaslea
«Telebista espazioaren matrizea aldatu beharko litzateke»
Telebistarako dagoen diru publikoaren «meloia» ireki behar dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu