Gipuzkoako Lezo herrian egin izan dituzte filmen eta telesailen grabaketak —esate baterako, Eutsi filma (Alberto Gorritiberea, 2007) eta ETBko Irabazi arte telesaila—. Baina atzoko filmaketak herritarrek inoiz ikusi gabekoak izan ziren. Ameriketako Estatu Batuetako Hallmark+ ordainpeko plataformak Paris is always a good idea (Paris beti da ideia ona) telesailaren hainbat eszena grabatu zituen Lezoko erdiguneko plaza eta kaleetan.
Eguerdian, Gurutze Santuaren Plazan egin zituzten filmaketak, bizilagun askoren harridurarako. Arratsaldean, Donibane kaleko iturrian filmatu zituzten beste eszena batzuk. Eta gauean, Goiko Plazan —aire libreko pilotalekua dago— egin zituzten azkeneko filmaketak.
Jenn Mckinlay idazle estatubatuarraren izen bereko eleberri erromantiko batean dago oinarrituta Hallmarken fikzioa. Sei atalez osatua dago, eta Euskal Herrian ez ezik, Frantzian eta Espainian ere egingo dituzte grabaketak. Aktore protagonisten artean daude Lacey Chabert, Scott Michael Foster, Rebecca Hanssen, Henry Czerny, Barbara Niven eta Alejandro Albarracin.
Chelsea Martin enpresariaren gorabeherak dira istorioaren ardatza. Gaur egun, irabazi-asmorik gabeko erakunde batean ari da lanean. Parisera bidaia bat egingo du, hasiera batean lan bidaia hutsal bat baino ez. Baina azkenerako, Europan barna bidaia pertsonal bat egingo du, eta bisitatutako tokietan barne bidaia bat egin. Iraganean funtsezkoak izan ziren hainbat lagun ere topatuko ditu bidaia berean.
Hallmark+ ordainpeko plataforman
Telesaila Hallmark+ plataformak estreinatuko du, baina goiz da jakiteko noiz. Streaming plataforma hori Hallmark Channel kable bidezko kateari lotuta dago. Katalogoan gehiengoa dira telesail eta film erromantiko zein familia girokoak.
Mikel Arruti Lezoko alkateak aitortu du ezohikoa izan zela atzokoa: «Nazioarteko telesail edo film baten grabaketa ez da ohiko gertaera gure herrian. Aukera polita da, herritarrek horrelako telesail baten grabaketa zuzenean ikusteko, eta atzean duen lan guztiaz jabetzeko». Hain zuzen ere, teknikari talde handia ibili zen atzo lanean Lezoko kaxko zaharrean. «Nola ez, gure herriko txoko batzuk nazioarteko telesail batean ikusiko direla jakiteak ere ilusio eta harrotasun pixka bat sortzen digu».
Eragozpen batzuk ere sortu zizkien herritarrei filmaketak. Udalak «ulermena eta lankidetza» eskatu zien herritarrei egun batzuk lehenago, grabaketek sortutako eragozpenengatik. Sotoetan bandoa jarri zuten aurreko egunetan.
Paris beti da ideia ona. Eta Lezo ere beti izan daiteke ona halako filmaketak egiteko.Â