'The Handmaid's Tale' distopiak irabazi ditu Emmy sari nagusiak

Lehen aldiz, plataforma digital batek eraman du telesail onenaren saria, kable kateen aurretik

Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Kable bidezko telebista handiei partida irabazi zien Hulu plataforma digitalak, atzo, Los Angelesen (AEB) banaturiko Emmy sarietan. Telebistako saioak lehiatzen dira sariotan, eta Hulu izan da aurten irabazle nagusia, The Handmaid's Tale telesailarekin. Lehen aldiz irabazi du telesailik onenaren saria Internet bidezko zerbitzu batek. Netflixi eta Amazoni aurre hartu die Huluk. Distopia fundamentalista-matxista bat deskribatzen duen telesailak bost sari eraman ditu denera, tartean telesailik onenarena, aktorerik onenarena (Elisabeth Mossentzat), zuzendari onenarena (Reed Moranorentzat) eta gidoirik onenarena (Bruce Millerrentzat).

Margaret Atwood idazle kanadarraren 1985eko izen bereko eleberrian oinarritzen da telesaila. Etorkizun hurbilean, ugalkortasun maila hondoratu egin da, eta, gerra zibil baten ondoren, fundamentalista kristauek agintea hartu dute AEBak ziren lurraldean.Horien menpean, emakumeak erabat zanpatuta daude. Haurrak izan ditzaketen emakume bakanak fundamentalista kristauen elitearen zerbitzuan jartzen dituzte, haientzat umeak izateko. Hamar ataletan kontatzen du istorioa telesailak. 2016. urtearen amaieran hasi ziren grabatzen, eta apirilaren 27an estreinatu zuten.

Morano zuzendaririk onenaren Emmy saria irabazten duen bigarren emakumezkoa da.

Telesail laburren atalean, HBOren Big Little Lies izan da Emmyetako bigarren saridun handia. Telesail onenaren saria jaso du, zuzendari onenarena (Jean-Marc Valleerentzat), aktorerik onenarena (Nikole Kidmanentzat) eta bigarren mailako aktorerik onenarenak (Laura Dern eta Alexander Skarsgaard). Kaliforniako Monterrey (AEB) herri aberatsean gertaturiko hilketa batek eskolako haurren eta haien amen bizitzat hankaz gora jarriko dituela kontatzen du telesailak, zazpi atalez. Joan zen uztailean esan zuten bigarren sasoi baterako gidoia idazten hasiko zirela.

Satira politikoa

Komediarik onenaren saria hirugarren urtez irabazi du Veep telesailak. Erresuma Batuko The Thick of It komediaren bertsio estatubatuarra da, eta, hura bezala, satira politikoa lantzen du. Selina Meyer lehenik AEBetako presidenteorde eta gero presidente denaren gorabeherak kontatzen ditu, Washingtongo joko politikoaren erdian. Meyer antzezten duen Julia Louis-Dreyfus aktoreak seigarren aldiz irabazi du saria jarraian, eta aktore batek pertsonaia batengatik jasotzen duen sari kopuruaren marka hautsi du. Historiarako beste datu bat: komedia gidoirik onenaren saria Aziz Ansari eta Lena Waithe gidoilariei eman diete. Sari hori irabazten duen lehen emakume beltza da Waithe.

AEBetakoak ez diren produktuen artean, Black Mirror telesaila nabarmendu behar da. Etorkizunaren ikuspegi iluna proposatzen du telesailaren San Junipero atala saritu dute. Horren euskarazko bertsioa landua du azpidatzizale komunitateak: http://azpitituluak.com/euskaraz/1498032114.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.