'The Washington Post' egunkariak 300 kazetari kaleratuko ditu

Kaleratze gehienak kirolen sailean, tokiko informazioarenean eta nazioarteko sailean egingo dituzte. Liburuen saila itxi egingo dute.

Hainbat langile kaleratuko dituzte 'The Washington Post' egunkarian. JIM LO SCALZO / EFE
Hainbat langile kaleratuko dituzte 'The Washington Post' egunkarian. JIM LO SCALZO / EFE
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 5a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso murrizketa bortitzak egingo dituela iragarri du AEBetako The Washington Post egunkariak. Jakinarazi dutenez, lantaldeko 800 kazetarietatik 300 baino gehiago kaleratuko dituzte. Kaleratzeak batez ere kiroletako sailean, tokiko informazioarenean eta nazioarteko sailean egingo dituzte. Arlo komertzialean ere murrizketa handiak egingo dituzte.

Matt Murray egunkariko zuzendari eragileak langileei adierazi die enpresak «diru gehiegi» galdu duela denbora luzez. «Eta irakurleen beharrak ez dira asebete». Modu batean edo bestean, egunkariko sail guztietan izango dute eragina murrizketek. Murrayk berak azaldu du egunkariaren Interneteko trafikoa ia erdira jaitsi dela azkeneko hiru urteetan, eta horretan eragin nabarmena izan duela adimen artifizialak. 

Kirolen saila itxi egingo du The Washington Post-ek. Sail horretako kazetari gehienak kaleratu egingo dituzte, baina beste batzuk erreportajeen sailera pasatuko dituzte, «kirolaren kultura» lantzeko. Itxi egingo dute liburuen atala ere. Eta Post Reports eguneroko podcastak ere ez du jarraituko.

Nazioarteko berriemaile ugari ere kaleratuko ditu egunkariak, Ukrainako gerraren berri ematen ari zena tartean. Ekialde Hurbileko, Indiako eta Australiako berriemaileak ere lanik gabe utzi dituzte.

Jeff Bezos da egunkariaren jabea —Amazon enpresa ere harena da—, eta 2023. urtean Will Lewis izendatu zuen editore. «Errentagarritasuna bilatzeko» asmoz egin zuen izendapen hori. Lewisek azkeneko bi urteetan behin baino gehiagotan esan du irakurleak galtzen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.