ETB 1983an sortu zen. Handik zazpi urtera, berriz, euskarazko tokiko telebistagintzaren lehen proiektua abiarazi zuten Arrasaten (Gipuzkoa). 1990eko otsailaren 13an ekin zien emanaldiei Arrasate Telebistak, AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen eskutik. Arrasate Press aldizkaria martxan zen ordurako, eta haren arrakastak irratiarekin saiatzera animatu zituen. Baina irratia sortzeko lege arazoak zeuden tartean. Eta, orduan, telebista sortzea erabaki zuten. Telebistarako legerik ez zegoen, eta legez kanpokoak ziren —hala izan ziren euskarazko tokiko lehen kateak—.
Arrasate Press-i esker, azpiegitura txiki bat bazuten: lau kazetari, administrari bat eta iragarki saltzaile bat. Arrasate Euskaldun Dezagun-eko kideek sentitu zuten berriak landu eta adierazteko beste modu batekin saiatu nahi zutela, eta telebistak aukera hori eman zien. Andoaingo Zinema eta Bideo Eskola egotea ere garrantzitsua izan zen, hango ikasle gazteekin hornitu baitzen Arrasate Telebista arlo teknikoko beharrei erantzuteko.
Arrasateko ospitale zaharreanjarri zuten lehen egoitza, eta han aritu zen taldea bospasei urtez. Modu prekarioan. Koldo Rodriguez irakasle eta fraidea izan zen lehen aurkezlea. Ez bakarra. Jon Sarasua, Josemari Velez de Mendizabal eta Jose Luis Ezkurra Arrasate Telebistako aurpegi izan ziren 1990eko hamarkadaren hasieran. ETBra eta beste proiektu batzuetara jauzia eman aurretik, lehen katea izan zen Arrasate TB askorentzat: Anne Igartiburu, Jon Andueza, Itxaro Zubillaga, Unai Iparragirre, Maider Egues...
Arrasateko Udalak hasieratik lagundu zuen diruz proiektua—merkatarien ekarpena ere garrantzitsua izan zen—. Proposamena egiten ari zirenen aldetik euskararen alde apustu garrantzitsu bat egiteko asmoa zegoela iruditu zitzaion orduko alkate Xabier Zubizarretari.
1990eko hamarkadaren erdialdean, ospitale zaharretik Otalora kalera eraman zuten Arrasate Telebistaren egoitza, Arrasate Press-ekin batera. Lanerako baldintza hobeak lortu zituzten.
2000. urteko maiatzean bilakatu zen Arrasate Telebista Goiena TB. Ordutik, Debagoiena eskualdeko herri guztien telebista da.
Tokikoetan mugarri
Otsailaren 13an 25 urte bete ziren Arrasate Telebistak emisioak hasi zituela. Proiektu aitzindaria izan zen euskarazko tokiko telebistetan. 2000n, Goiena TB bilakatu zen.