Tokikomeko bost telebista Begizta plataforman ikusgai

Izarkomen Begizta telebista plataforman daude Goiena TB, Guka TB, Oizmendi TB, 28 Kanala eta Goierri Telebista, euskarazko beste kateekin batera.

Begizta, Izarkomen telebista plataforma. BERRIA
Begizta, Izarkomen telebista plataforma. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 20a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izarkom Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibak eta Tokikom hedabideen elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, eta, horri esker, Begizta telebista plataforman ikus daitezke jada Goiena TB, Guka TB, Oizmendi TB, 28 Kanala eta Goierri Telebista.

Urtarrilean jarri zuten martxan Begizta plataforma Izarkomek eta Oñatiko (Gipuzkoa) Onaro operadoreak. Izan ere, Izarkomen eta Onaron zerbitzua kontratatzen zuten bezeroek telebista ikusteko aukerarik gabe gelditzeko arriskua zuten, eta telebista ikusteko zerbitzu bat abiarazi zuten. Begiztan euskarazko kateak daude aurreneko tokietan: ETB1, ETB3, Hamaika Telebista, Kanaldude eta Xaloa Telebista —azken hori Iruñerrikoa eta Baztan Bidasokoa da—. Orain, Tokikomeko beste kate horiek guztiak ere ikusi ahalko dira Begiztaren telebista eskaintzan.

«Gauzak horrela, programazioa euskaraz eskaintzen duten telebista kate guztiak munduko edozein bazterretatik ikusteko aukera izango da, Internet konexioa edukiz gero», azaldu dute Izarkomeko ordezkariek. «Begiztaren helburua hasieratik izan da euskarazko tokiko telebistak euskal herritar guztiengana heltzeko zubia izatea, eta herritar guztiei Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzea». Aipatutako kateez gain, Hego Euskal Herrian lurreko telebista digitalaren bidez ikus daitezkeen beste kanalak ere ikus daitezke Begiztan. Eduki propio batzuk emateko lanean ere ari dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.