Ttan Ttakun irratiak 30. urteurrena ospatuko du hilaren 25ean

Donostiako irrati libreak Intxaurrondo auzoko kultur etxean antolatuko du jaialdia. Kontzertu ugari izango dira, eta zuzeneko emankizun berezi bat egingo dute.

Ttan Ttakun irratiaren festa bat. TTAN TTAKUN
Ttan Ttakun irratiaren festa bat. TTAN TTAKUN
urtzi urkizu
Donostia
2026ko apirilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten 30 urte bete dira Donostiako Ttan Ttakun irrati libreak emanaldiak hasi zituenetik. Urteurrena baliatuz, hainbat urtez antolatu izan duen festa berreskuratzea erabaki du irratiak. Hortaz, jaialdi berezi batekin ospatuko du urteurrena. Komunitatearekin berriz elkartzeko eta irratiaren ibilbidea ospatzeko helburua izango du jaialdi horrek.

Urte luzez Egia auzoan antolatu zuen irratiak jaialdia. Baina aurten Intxaurrondo auzoko kultur etxean egingo dute, hilaren 25ean. Lehen partean, sarrera doakoa izango da: 17:00etatik aurrera, kultur etxearen kanpoko patioan, Nokono abeslariak, La Ola Maldita surf musika taldeak eta Riffs'n Roots selectah reggae DJak parte hartuko dute. Horrez gain, mikro irekia eta karaokea izango dira, herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz.

Gaueko kontzertuak, berriz, kultur etxeko areto nagusian egingo dituzte. Sarrerak hamar euroko kostua izango du aurrez erosita, eta hamabi eurokoa egunean bertan joanez gero. Oholtza gainera igoko dira Agoteak, Sexpeares, eta Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldeak. B aretoan, berriz, Seis Jerseys DJak girotuko du gaua.

Ospakizunaz gain, irrati libreko esatariek emankizun berezi bat egingo dute. Zuzeneko irratsaio hori FMko 107.2 frekuentzian eta ttanttakun.eus webgunean entzun ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA