TVEren 2Cat ez da erabat katalanez izango

Katalunian, La2 katea 2Cat bilakatuko da datorren astelehenean. TVEren asmoa da katearen edukien %70 katalanez izatea, nahiz eta duela hilabete batzuk iragarri zuten guztiz katalanez izango zela.

TVEren 2Cat katearen aurkezpena, asteartean, Bartzelonan. RTVE
TVEren 2Cat katearen aurkezpena, asteartean, Bartzelonan. RTVE
urtzi urkizu
2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Katalunian lehendik ere eduki asko ekoitzi izan ditu TVEk katalanez. Udaberrian, Espainiako talde publikoak iragarri zuen irailean katalan hutsez jardungo zuen kate bat jarriko zuela martxan. Iritsi da kate hori estreinatzeko garaia: astelehenean jarriko dute abian 2Cat. Baina TVEk iragarri du bi hizkuntzatan izango dela, eta katalanaren presentzia areagotuz joango dela. Urtea amaitu aurretik edukien %70 inguru katalanez izatea espero dute. Hala ere, gaztelaniazko saioek presentzia nabarmena izango dute lehen asteetan.

Aktualitateko gaiak lantzen dituzten magazinek eta albistegiek indar berezia izango dute La2Cat edo 2Cat kanal berriaren programazioan. «La2Cat dagoenari gehitzera dator; osagarriak izan nahi dugu», esan du aste honetan Oriol Nolis kateko zuzendariak, Bartzelonan egindako aurkezpenean. «Kanal berriak Katalunia askotariko, transbertsal eta pluralaren ispilu izan nahi du», gaineratu du. 

Katalanez zinema emango du kate berriak. Baita futbola ere: zeresana eman du egunotan kate berriak Espainiako selekzioaren partidak eta Espainiako Kopakoak katalanez emango dituztela iragarri izanak. «Balio sinbolikoa du horrek, 27 urte baitira RTVEn ez dela Espainiako selekzioaren partida baten kontakizuna katalanez egin», gogorarazi du Nolisek. David Figueira eta Txapi Ferrer arituko dira partida horien kontakizuna egiten.

Katalanezko saio gehiago

2Cat kateko goizetan, Gemma Nierga kazetariak Café d'idees saioa aurkeztuko du astelehenetik ostiralera (07:50). 10:05ean, Cristina Villanuevak hartuko dio lekukoa, El segon cafe programa berriarekin. Gizarte gaiak nabarmenduko dira saio horretan. Villanueva hemeretzi urtez aritu da La Sexta kate pribatuan, eta TVEra bueltatuko da. 13:00etan, berriz, L'altaveu al pati tertulia politikoa aurkeztuko du Marco Chiazzak. Arratsaldean, solasaldi politikoak beste saio bat izango du, Danae Boronatek aurkeztuta. 

Eguerdiko albistegia Aina Gandulfek aurkeztuko du astegunetan, eta La1k ere emango du lurralde deskonexioan. Asteburuetan, Laura Mesa arduratuko da albistegia aurkezteaz. 14:20an, bestalde, De cara a barraca kirol saioa gidatuko du Marc Martinek.

Jordi Hurtadok aurkezten duen Saber y ganar lehiaketa 2Cat katean emango dute aurrerantzean ere, gaztelaniaz.

Danae Boronatek, bestalde, L'Altaveu saioa aurkeztuko du arratsaldero (16:35). Aquí la tierra saioaren katalanezko bertsio bat izango du kate berriak —Madrilen grabatuko dute hori ere—. Jacob Petrusek aurkeztuko du.

Kateak gaztelaniaz izango duen beste saio bat Jesus Cintoraren Malas lenguas izango da (21:00). Astearte gauean, Xavi Bundok L'any que vas néixer saio berria aurkeztuko du; Montse Sotok Temps enrere saioa gidatuko du; Laura Fak prentsa horia ikuspegi feminista batetik landuko du asteazken gauean; Candela Peña aktoreak elkarrizketa saio bat egingo du; eta ostegun gauean zinema garaikidea ikusi ahalko da katalanez.

Datozen hilabeteetan katalanezko programa gehiago estreinatuko ditu 2Cat kateak. Kataluniako TVEren asmoa da katalanaren presentzia areagotuz joatea.

Katalanezko eskaintza horren aldean, TVEren EAEko zentroak egunean 50 segundo baino ez ditu ematen euskaraz: lurralde albistegiaren berri garrantzitsuenen laburpen eskas bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.