EITB taldearen Makusi plataformak Txiki egiak saioa estreinatuko du gaur. Nerea Zendoia plataforma digitaleko koordinatzaileak azaldu du haurrak direla protagonista programa berri horretan. «Haien irudimena amaigabea da, eta askotariko gaien inguruan duten ikuspegia freskoa, harrigarria eta askotan dibertigarria izaten da. Horregatik, 7 eta 10 urte bitarteko haurrak jarriko ditugu kamera aurrean. Haien ideiak, ametsak eta asmakizunak kontatuko dituzte, modu natural eta dinamiko batean; hartara, haurren ikuspegitik sortutako entretenimendua eskainiko dugu».
Atal bakoitzak 10-12 minutu artean iraungo du, eta hiru bikotek parte hartuko dute aldiro. «Batetik, galdera batzuei erantzunez sormenerako eta adierazpen librerako gunea izango dute. Bestetik, kamera ezkutuaren bidez ikusiko dugu nola erantzuten duten egoera desberdinetan», iragarri du Zendoiak.
Haurrek «modu askean» hitz egiteko aukera izango dute saioan. «Sormena eta adierazpena sustatzeko aukera ere izango dute. Eta ikus-entzule gaztetxoek aukera izango dute beste haur batzuen hausnarketak entzunez beren burua ere martxan jartzeko».
Bihar Makusi jaia egingo dute BECen
Beste alde batetik, Makusik jai handia antolatu du biharko Barakaldon (Bizkaia), BECeko bigarren pabiloian. 11:00etatik 17:00etara iraungo du, eta askotariko ekitaldiak izango dituzte bertan. Jaia amaitu ondotik Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiko lehen atalaren aurrestreinaldia egingo dute —lehen aurrestreinaldia Donostiako Belodromoan egin zuten, irailean— BECeko Bizkaia Arena aretoan, 17:30ean. ETBk azaroan estreinatuko du telesaileko denboraldi berria.
Â