Netflix

Txipiroiaren jokoa bueltan da

Netflixek aurten estreinatuko du 'Squid Game' telesailaren bigarren denboraldia. 2024ko beste hainbat berrikuntza iragarri dituzte, tartean 'Cien años de soledad' eleberrian oinarritutako telesaila.

'Squid game' telesailaren bigarren denboraldia.
'Squid Game' telesailaren bigarren denboraldia. NETFLIX
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 2a
14:00
Entzun

2021. urtean, Hego Koreako telesail bat fenomeno bilakatu zen mundu osoan. Euskal Herrian ere bai. Squid Game (Txipiroiaren jokoa) zuen izena telesailak, eta bazterrak nahastu zituen. Kezka ere sortu zuen zenbait ikastetxetan, haurrak fikziozko jokoetan jolasten ari baitziren. Telesaileko jokoa bortitza zen oso, baina haurrak inozentziaz ari ziren jolasean. Edonola ere, Netflix plataforman marka guztiak hautsi zituen fikzioak: lehen 28 egunetan, 111 milioi ikus-entzule izan zituen munduan. BERRIAko erreportaje batean fenomenoa aztertu zuten Nagore Ares kazetari eta irakasleak eta Paula Garcia Arenzana haurren psikologoak. Aurten ere zeresana emango du Hego Koreako ekoizpenak, Netflixek iragarri baitu datozen hilabeteetan estreinatuko duela bigarren denboraldia.

Kontuan hartu behar da, gainera, joan den udazkenean telesailean oinarritutako reality-a estreinatu zuela plataformak, bigarren denboraldia iritsi aurretik. Horrek ere sekulako datuak lortu zituen. Denboraldi berriaz ez dira xehetasun asko argitaratu. Jakina da Hwang Dong-hyuk sortzailearengan konfiantza osoa duela Netflixek. Eta jakina da lehen denboraldian ageri ziren hiru aktorek atal berrietan parte hartuko dutela: Lee Jung Jae protagonistak, Gong Yook eta Lee Byung Hunek.

Squid Game telesailaren bigarren denboraldiko trailerra.

Netflixek, halaber, iragarri du honako aktore hauek fitxatu dituela denboraldi berrirako: Yom Si Wan, Kang H Neul, Park Sung Hoon, Yang Dong Geun, Park Gyu-young, Jo Yu-ri, Kang Ae-sim, Lee David, Lee Jin-uk, Choi Seung-hyun, Roh Jae-won eta Won Ji-an. Euskal Herriko ikus-entzule gehienentzat izen ezezagunak badira ere, haietako batzuek ospe handia dute Korean eta Asian. Ez da ahaztu behar azkeneko urteetan Euskal Herrian eta Europan gazte asko zaletu direla Koreako fikzioekin —baita musikariekin ere—. Squid Game-ren arrakastaren ostean, Hego Koreako beste telesail batzuek miloika ikustaldi izan zituzten Netflixen. Datorren astean, plataformak Hego Korean ekoitzitako lan berrien inguruko xehetasunak emango ditu.

Squid Game telesailaren lehen denboraldia euskarazko azpidatziekin ikus daiteke.

Estreinaldi batzuk euskaraz

Netflixek askotariko ekoizpenak estreinatuko ditu aurten. Telesail eta film garestiak izango dira tartean, eta haietako batzuk euskarazko azpidatziekin edo audioarekin estreinatuko ditu. Esate baterako, otsailaren 22an, Avatar: The Last Airbender telesaila euskarazko bikoizketarekin ikusi ahalko da lehen momentutik. Bieuse bikoiztaileen elkartekoek egin dute bikoizketa hori. Ahotsen artean Kandido Uranga aktorearena dago.

Avatar: The Last Airbender telesailaren trailerra, euskaraz.

Iritsiko dira lan gehiago euskarara bikoiztuta edo azpidatzita. Boy Swallows Universe telesaila, adibidez, euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko da. Australian 1980ko hamarkadan dago girotuta istorioa.

Latinoamerikan aurten estreinatuko diren zenbait ekoizpenen berri ere eman du egunotan Netflixek. Tartean izango da Gabriel Garcia Marquez idazlearen Cien años de soledad eleberrian oinarritutako telesaila. Kolonbiako ekoizpen bat da, eta herrialde horretako profesionalekin ari dira grabatzen. Argentinako ekoizpen berrien artean El eternauta aipa daiteke —Ricardo Darin da aktore protagonista—. Eta Brasilgoen artean, Senna —Ayrton Senna 1 Formulako pilotuaren bizitzaren gainekoa—.

Datozen hilabeteetan, bestalde, Euskal Herriko aktore bat baino gehiago azalduko da Netflixek Espainian ekoitzitako lanetan. Gorka Otxoa donostiarra, adibidez, Machos alfa telesailaren atal berrietan azalduko da —hilaren 9an estreinatuko dute bigarren denboraldia—. Alex de la Iglesia eta Jorge Gerrikaetxebarria 1992 telesaila egiten ari dira plataformarentzat. Duela gutxi iragarri dute, halaber, Maria del Mar Cuena Seisdedos (Santurtzi, Bizkaia, 1969) kantariaren gaineko telesail bat egiten ari direla.

Dokumentalen artean, Espainiako gizonezkoen futbol ligaren gaineko saio anbiziotsu bat estreinatuko dutela iragarri dute. Protagonisten artean Antoine Griezmann Realeko jokalari ohia egongo da.

Plataformak milioi euro asko inbertitu du aurten edukietan, eta askotariko ekoizpenak iritsiko dira. Ikusi beharko da, hala ere, haietako batzuen kalitatea nolakoa den. Ordainpeko plataformaren katalogoan denetarik baita.

Netflixen 2024ko berrikuntzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.