Alex de la Iglesiak '1992' telesaila egingo du Netflixentzat

Sevillako 1992ko Expo-n girotutako thriller bat izango da. Zinemagile bilbotarrak Jorge Gerrikaetxebarriarekin batera sortu du fikzioa

Alex de la Iglesiak 1992ko Sevillako Expo erakusketan girotuko du bere telesail berria. NETFLIX.
Urtzi Urkizu.
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Alex de la Igesia zinemagileak (Bilbo, 1965) eta Jorge Gerrikaetxebarria gidoilari gasteiztarrak (Aviles, Espainia, 1964) Netflix plataformarentzat sortzen duten lehen telesaila hemendik egun gutxitara hasiko dira grabatzen, Sevillan (Espainia). 1992 izango du izenburutzat, eta hiri horretan egin zen Expo 92 nazioarteko erakusketan egongo da girotua. Izan ere, hilketa batzuk gertatuko dira fikzioan, erakusketarekin lotuta.

Hilketa misteriotsu batzuek patroi bera erabiliko dute: biktimak erre egiten dituzte, eta gorpuen alboan Curro panpina agertu ohi da —Expo 92-ko maskota—. Heinz Edelman izan zen panpina horren diseinatzailea.

Netflixek igorritako informazioan, De la Iglesiak honako adierazpenak egin ditu: «1992 suspensea eta intriga politikoa nahasten dituen thriller bat da. Espainiako gertuko historian garrantzia izan zuen ekitaldi batera eramango ditu ikus-entzuleak».

Telesailaren zuzendaria De la Iglesia bera izango da. Gidoietan, berriz, Pablo Tebarrek eta Jorge Valdanok parte hartuko dute. Tebarrek Mar de plástico eta Herederos telesailen gidoiak idatzi ditu, eta Valdano Los Serrano eta Estoy vivo telesailetan aritu da gidoilari.

Telesaila Pokeepsie Films produkzio etxeak ekoitziko du. Banijay Iberia taldekoa da ekoiztetxe hori, eta De la Iglesiak eta Carolina Bangek sortu zuten 2014an.

1992 ez da De la Iglesia eta Gerrikaetxeberria lantzen ari diren telesail bakarra. HBO Max plataformarentzat 30 monedas sortu zuten, eta bigarren denboraldia urrian estreinatuko dute—aurrestreinaldia Sitgesko zinema jaialdian egingo dute—. Lehen denboraldia 2020an eskaini zuen HBO-k Hego Euskal Herrian, eta AEBetara ere iritsi zen. Gerrikaetxeberriak 2020ko abenduan BERRIAn esan zuen hiru denboraldi egiteko «mapa bat» marraztuta dutela. Ziurtzat jo daiteke hirugarren denboraldia egingo dutela.

Nahiz eta De la Iglesiarentzat Netflixentzat egindako lehen telesaila izango den, Gerrikaetxebarriak lan egin du jada plataforma horrentzat: Daniel Kalparsorok zuzendutako Hasta el cielo telesaileko gidoiak idatzi ditu.

'Black Mirror', ekainean

Netflixek, bestalde, asteon iragarri du Black Mirror telesailaren seigarren denboraldia estreinatuko duela ekainean —trailerra zabaldu dute sare sozialetan—.

Charlie Brooker fikzioaren sortzaileak sinatzen ditu atal guztien gidoiak, eta, ekoizle eragilea ere bada, Jessica Rhoades, Annabel Jones eta Bisha K. Ali ekoizleekin batera. Atal berrietako aktoreak, berriz, honako hauek izango dira: Salma Hayek, Josh Hartnett, Aaron Paul, Michael Cera, Zazie Beetz eta Rory Culkin.

Black Mirror-ek Channel 4 kate britaniarrean hasi zuen bidea, 2011tik 2014ra. 2016an erosi zuen Netflixek. Bosgarren denboraldia 2019koa da, beraz, lau urte behar izan dute berria ontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.