'Ulua'-k politikari buruzko bideopodcast bat estreinatuko du etzi

Aner Ansorenak aurkeztuko du 'Politikan' saioa, bi astean behin. Lehen atalean, bi kazetari elkarrizketatuko ditu.

Aner Ansorena, Lasarte-Oriako Ulu Mediaren estudioetan. GORKA RUBIO / FOKU
Aner Ansorena, Lasarte-Oriako Ulu Mediaren estudioetan. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal politikaren atzealdea ezagutzeko eta politikagintza herritarrengana gerturatzeko, Politikan izeneko bideopodcasta jarriko du martxan ostegunean Ulua.eus komunikabide digitalak. Aner Ansorena aholkulari politikoak gidatuko du bideopodcasta, eta bi astean behin sareratuko dituzte atalak.

Euskal Herrian politika arloan aritzen den jendea ezagutzeko gune bat proposatuko du Ulua-k. Eta euskaraz. «Horrek ateak zabaltzen ditu beti. Batzuk ez dira egongo, baina egongo direnak ongi ulertuko ditugu», azaldu du Ansorenak.

Podcastaren aurkezleak iragarri du euskal politikaren «lehen lerroan» dagoen jendea elkarrizketatuko duela. «Normalean galdetzen ez diren gauzak galdetzeko espazio bat izango da». Gaineratu du batez ere politikaren atzealdeaz ariko direla solasaldietan, eta ez hainbeste aktualitateaz. «Euskal politika nolakoa da barrutik? Nolakoak dira harremanak? Zer lan egiten dute?». Galdera horiek ez ditu kazetari batek egingo, aholkulari politiko batek baizik. Eta horregatik izango da berezia Politikan. Gainera, politika munduaren atzealdean lan egiten duten gonbidatu batzuk izango dituzte; tartean, diseinatzaile grafikoak. Etzi, lehen atalean, bi kazetari izango dituzte saioan. Izan ere, igandean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira, eta ez zioten protagonismoa hautagai bakar bati eman nahi.

Aner Ansorena, bideopodcast politikoa egiten du: 'Politikan'.
Aner Ansorena, Lasarte-Oriako Ulu Mediaren estudioetan, joan den ostiralean. GORKA RUBIO / FOKU

Ulu Mediaren Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) estudioetan grabatuko dute bideopodcasta. Atalak, berriz, Ulua-n ez ezik, Youtuben, Patreonen eta Spotifyn ere jarriko dituzte.

Ansorena, hainbatetan saritua

Ulu Mediako estudioetan grabatzeak Ansorenari aukera emango dio saioa modu profesionalean egiteko. «Niretzat oso garrantzitsua zen, bideopodcast bat egingo banuen, bidelagun interesgarriekin eta modu profesionalean egitea», esan du saioaren aurkezleak. «Bideopodcasta ondo entzutea, eta, batez ere, ongi ikustea ere nahi nuen. Galdera bat egiten duzunean, kontua ez da bakarrik zer erantzuten dizuten, baizik eta elkarrizketatuak zer aurpegi jartzen duen galdera egiten diozun bitartean». Hauda komunikazio agentzia sortu zuen Ansorenak, eta hartako taldearekin ere ari da podcasta prestatzen. Iragarri du herritarrei aukera eman nahi diela Interneteko sare sozialen bidez galderak proposatzeko.

Ansorena hauteskunde kanpainak zuzentzen eta diseinatzen aritua da, eta politikariei eta erakundeei aholkularitza eskaintzen die komunikazio estrategien arloan. Azkenaldian, hainbat aitortza jaso ditu: 2024an, Napolitan Victory Award saria, Gazte Lidergoaren kategorian; 2025ean, ACOP saria, urteko aholkulari politikorik onenaren kategorian; eta aurten, Napolitan Victory Awards sarietan, hauteskunde kanpaina baterako komunikazio plataforma bat sortzeagatik saritu dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA