Euskal komunikabideen inguruan idazteaz gain, kitxuaz, kurdueraz, maorieraz, frisieraz, korsikeraz, galegoz, gaelikoz, katalanez, samieraz eta beste hainbat eta hainbat hizkuntzatan argitaratzen diren komunikabideen inguruan idazteagatik eman diote Urtzi Urkizuri 2025eko Midas saria. Bart jaso zuen, Esloveniako Vilpoze herrian egindako ekitaldi batean, eta, hain zuzen, «oztopoak gainditzen dituzten hedabide txikiek» egiten duten «lan eskerga» goratu zuen Urkizuk bere hitzaldian: «Europan eta munduan gurea bezalako beste errealitate batzuk daude. Komunikabide horien guztien iraupena hil ala bizikoa da, hizkuntzentzat eta hizkuntza horiek hitz egiten dituzten komunitateentzat. Behar-beharrezkoa da erakunde publikoek hori aintzat hartzea, eta haien iraupena bermatzea».
Urkizuk Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohiaren ahotik entzun zuen laudatio-a; Otamendi Midas elkarteko presidente izendatu zuten atzo bertan, eta horrek are bereziago egin zuen ekitaldia. Otamendik zorionak eman zizkion «hemeretzi hizkuntza gutxitutan egiten diren hedabideen lanaren eta egoeraren berri emateagatik». Patri Urkizu idazlea ere aipatu zuen laudorioan, saridunaren aita zena. Haren hitzetan, semeak hil berri den aitaren eragina jaso du, «euskal kultura oso presente» izan baitu etxean, eta hori «erabakigarria» izan daiteke: «Ez da beti hala izaten, baina, batzuetan, bada».
Urkizuk hunkituta jaso zuen saria. Kazetaritzak egun dituen erronkez aritu zen hizketan, bereziki hizkuntza gutxituetan ari direnen erronkez: «Urteotan ikusi ahal izan dut Euskal Herritik kanpo badirela errealitate desberdinak. Haien inguruan idatzi ere egin dut, eta errealitate horietan hizkuntza da komunitateen gakoa. Hizkuntza batean hitz egiten duen herria da herri, estatu baten ala beste baten menpe egon».
Esker hitzak
Kazetariak etengabe eman zituen eskerrak, bihotzez: Midas elkarteari, erakundeko beste hedabideei, Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko lankideei, eta Martxelo Otamendiri berari. Etxekoentzat ere izan zituen esker hitzak, emaztearentzat, alabarentzat eta senide eta lagunentzat. Aitak maiz errepikatzen zuen esaldi bat ere ekarri zuen gogora: «Buon lavoro denontzat». Agurra bertso bat kantatuz egin zuen: «Bost ozeano erraldoi daude/ zabor mordoa pilatzen/ errekak, berriz, milaka dira/ ta batzuk kontaminatzen/ gure hizkuntzak, ibai txikiak/ behar ditugula zaintzen/ baliabideak jartzen/ kazetaritza zorrozten/ elkartasuna sustatzen/ komunitate txiki guztiak/ joan gaitezen saretzen/ urak bidea eginen du(e)la/ jarrai dezagun amesten».
Midas Europako hizkuntza eta hiztun gutxituen nahiz eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako erakundea da. 2001ean sortu zuten, hamar hizkuntza komunitate baino gehiagotako egunkarietako erredakzioburuen proposamenez, eta, gaur egun, hamahiru hizkuntzatan egindako 28 egunkari hartzen ditu barnean, denera hiru milioi irakurle biltzen dituztenak. Datorren urtean beste bazkide bat gehitzea espero dute.
2023an, Midasek Donostian egin zuen batzar nagusia. Horren barruan banatzen dira urtero Midas saria eta Otto von Habsburg saria. Lehenengo Midas saria 2004an banatu zuten, eta orduko hartan Ainara Mendiola BERRIAko kazetariak eskuratu zuen. Otto van Habsburg saria Milan Rakovac kazetari eta idazle kroaziarrak irabazi du aurten. Rakovacek Israelek hil dituen kazetari palestinarrei eskaini zien saria.
