Midaseko zuzendaritzako ordezkariek ondo ezagutzen dute Martxelo Otamendi, eta BERRIAko zuzendari ohia presidente izendatzeko zalantza gutxi izan dute. Edita Slezakova aurreko lehendakariak esker hitzak egin dizkie Midaseko ordezkariei, txalo artean, eta irribarre batekin eman dio lekukoa Otamendiri. Trgovski Dom eraikinean egin dute zuzendaritzako batzarra, Gorizia herrian (Italia). Inguruko esloveniar taldeek sarri erabiltzen dute eraikin hori —Esloveniako muga oso-oso gertu dago, oinez berehala pasatzen da Nova Gorica herrira—. Han izendatu dute Otamendi Midas erakundeko lehendakari.
Slezakovak Otamendiri buruz esan du «esperientzia handia» duela, eta hizkuntza gutxituei eta hedabideei buruzko informazio asko ere bai. «Energiaz beteta dago Otamendi, eta uste dut urte askoan izango dela presidente. Haren umorea asko gustatzen zait. Umore horri esker, arazo asko konpon daitezke»
«Ni izendatu naute presidente, eta nirekin batera ulertu behar da BERRIA ere izendatu dutela», azaldu du Otamendik. «Euskaldunon Egunkaria bere garaian eta BERRIA beti izan gara Midaseko kide [2001ean sortu zenetik]. Azkeneko urte hauetan Midaseko zuzendaritzako kide ere bagara, eta orain zuzendaritzak erabaki du badela garaia guk lehendakaritza hartzeko». Duela urtebete inguru egin zioten proposamena, baina gaur gauzatu da. «Proposamenaren aurrean, itsusia iruditzen zitzaidan BERRIA hasiera-hasieratik elkartean egotea eta horri ezezkoa ematea».

Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen eta eremu urrikoen egunkarien eta hedabideen erakundea da Midas. Egoitza nagusia Bolzanon du (Bozen, Italia). Otamendik iragarri du aurreko zuzendaritzak markatu duen bidetik jarraituko duela. «Eta, bereziki, kideen arteko kolaborazioa bilatu beharko dugu. Esperientziak trukatzea, handiek txikiari erakustea eta txikiek handiari, ahulenen daudenei laguntzea... horiek izango dira nire helburuak». Nabarmendu du hedabide batzuei «boikota» egiten dietela beren herrialdeko erakundeek. «Adibidez, Nos Diario galegozko egunkariak ez du xentimorik ere jasotzen Galiziako Xuntatik. Ikusiko dugu nola landu daitekeen hori edo nola egin daitekeen kanpaina bat horri buelta emateko. Auzi zaila da, baina saiatu beharra dago». Hortaz, bere funtzioa argi du erakundeko lehendakari berriak: «Nire lanean, esperientziak trukatzen saiatuko naiz, elkarlanean jarduten, eta laguntza behar duenari laguntzen».
Goizean, batzarraren testuinguruan, zenbait egunkaritako ordezkariek beren errealitateen berri eman dute. Otamendik adierazi du BERRIAk Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrei transmititzen diela hor badela herri bat. «Mugez harago, gurea herri bat dela erakusten dugu»
Bruselan «presioa»
Toni Ebner eta Edita Slezakova aurreko presidenteen inguruan hitz onak egin ditu Otamendik, zuzendaritzako ordezkarien aurrean ere. «Oso lan polita egin dute. Kazetarien arteko bilkurak antolatu dituzte, kazetarien egonaldiak beste egunkari batzuetan...». Eta bereziki gogoan du elkarteko egunkariek zer jarrera izan zuten 2003. urteko otsailean. «Egunkaria itxi zutenean, Midasek sekulako babesa eman zigun. Kide guztiak azaldu ziren itxieraren kontra eta jaso genuen tratuaren aurka».
Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria izan zen 1993tik 2003ra, eta BERRIAkoa 2003tik 2023ra. Duela bi urte erretiroa hartu zuenean, ordea, BERRIAk proposatu zion Midasen egunkariko ordezkaria izaten jarraitzea. Hala jarraituko du, orain lehendakari ere izanik.
Ez da geldi egotekoa Otamendi, Midaseko ordezkari askok erdi txantxetan aipatzen duten moduan. «Lan egin beharko dugu», dio, 67 urte dituela. «Guri beste batzuek Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA sortzen lagundu ziguten bezala, guk ere lagundu beharko diegu Europan ahulago daudenei. Ez dago beste biderik».

BERRIAko zuzendari ohiak nabarmendu du Midasentzat lanik zailenetakoa izan dela Europako erakundeek aintzat hartzea hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren egunkariak. «Soilik behin lortu da Bruselak publizitatea jartzea gure egunkarietan. Baina gaur egun Europako Parlamentuan dauden Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta beste nazio batzuetako parlamentariekin saiatuko gara hori lantzen. Bruselan presio pixka bat egin daiteke, baina horrek dedikazioa eta denbora eskatzen du».
Otamendiri iruditzen zaio aurrera begira adimen artifizialaren gaia ezingo dela saihestu: «Munduko hedabide guztiek, eta Midasekoek ere bai, zailtasunak dituzte etorkizuna iragartzeko. Adimen artifiziala hor egongo da, eta oso tresna erabilgarria izan daiteke, oso manipulatzailea izan daitekeen moduan. Denok gaude impasse handi batean».
Edonola ere, Midaseko komunitate txikietan argitaratzen diren komunikabideek funtsezko rola jokatzen dutela azpimarratu du. «Hedabideek trinkotu egiten dituzte komunitateak. Euskal Herrian argi ikusten da: euskarazko komunikabideek trinkotu egiten dute gure gizartea, gure mundua. Nor garen ikusarazten digute. Egunkari bat izateak trinkotu egiten du herri bat».
Lehendakari berriaren izendapenaz gain, Midaseko zuzendari batzarrak beste erabaki bat hartu du: erakundeko kide berritzat onartu du Abo Underrattelser egunkaria. Suedieraz argitaratzen da, Finlandiako Turku hirian. Finlandiako egunkaririk zaharrena da, 1824. urtean sortu baitzen. Gaur egun, astean bost egunetan argitaratzen dute, eta 5.000 harpidedun inguru ditu —paperezkoak eta digitalak batuta—.
Hamahiru hizkuntzatan argitaratzen diren 28 hedabide dira Midasen parte. Datorren urtean beste bazkide bat gehitzea ere espero dute.