Webguneak berritzearekin batera ekin diote lan urteari Euskal Irratiek

Ordenagailu eta sakelako telefonoetarako egokituak dira Gure Irratiaren, Irulegiko Irratiaren eta Xiberoko Botzaren webgune berriak.

Iparraldeko Euskal Irratiek webguneak berritu dituzte. EUSKAL IRRATIAK
Iparraldeko Euskal Irratiek webguneak berritu dituzte. EUSKAL IRRATIAK
urtzi urkizu
2025eko irailaren 1a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interneten pauso garrantzitsu bat eman dute gaur Iparraldeko Euskal Irratiek. Azkeneko urteetan, blog formatukoak ziren Gure Irratiaren, Irulegiko Irratiaren eta Xiberoko Botzaren webguneak. Baina berritu egin dituzte webgune horiek, eta gaurtik aurrera oso bestelako eskaintza topatuko dute euskaldunek irrati horien atarietan. «Ordenagailuetarako eta sakelako telefonoetarako egokituak dira euskarriak, baita aktualitatearen beharretara ere», iragarri dute Euskal Irratietako arduradunek.

«Egungo erronketara egokituriko» lau webgune jarri dituzte gaur martxan, «informazioa irrati uhinetarako tratatzen den bezala, Interneten ere kalitatez, hurbiltasunez, azkar eta bereziki euskaraz hedatzeko asmoz».

Hainbat partaiderekin egin dute webguneak berritzeko prozesua. Gogorarazi dute Euskal Irratien orain arteko webgunea ez zela hedabide batek 2025ean dituen beharretara egokitua. «Plataforma berriari esker, irrati bakoitzak bere webgunea izanen du, baina oinarri bera dute lau guneek, eta plataforma horri esker eskuragarri izanen da tokiko irratien informazioa Euskal Irratien webgunean, baita alderantziz ere», jakinarazi dute irrati sareko ordezkariek. «Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hurbileko informazioaren erreferente izateko asmoa du, beraz, Euskal Irratien atari berriak».

Webgune berriak podcastak entzuteko atal berezi bat du. Bertan, asterokoak edo hilabeterokoak diren emankizunak nahieran entzun ahalko ditu entzuleak. «Lan urtearen sartze honetan hasi edo berrabiatuko diren emankizunak ez ezik, azken urteetako emankizun, podcast eta kronika gehienak ere entzungai dira jadanik», aipatu dute.

'Goiz Berri'-ren iritzi tarteak

Mariagnes Gorostiagak aurkeztuko du denboraldi honetan Goiz Berri irratsaioa. Bertan egunero parte hartzen duten iritzi emaileek, bertsolariek eta kronikariek bere tarte propioa izango dute webgunean, Iritzia atalean.

Beste alde batetik, entzuleek Programazioa atalari esker jakin ahalko dute Lapurdiko Gure Irratian, Nafarroa Behereko Irulegiko Irratian eta Zuberoako Xiberoko Botzan zer saio entzun ahalko diren hurrengo egunetan.

Entzuleen laguntzari esker, gainera, Abisuak atala osatuko dute webgunean. «Norberak iragarki labur bat jartzeko aukera ematen du tarte horrek. Gure uhinetan herritarren arteko salerosketa eta trukea errazteko dugun ohitura historikoari jarraituz, orain webguneetan ere izanen da abisuak eman eta irakurtzerik».

Irratsaioetako aurkezleei dagokienez, Artzen Letonak eguerdiko Ondaizuela magazina gidatuko du; Ihintza Arrietak aurkeztuko ditu albisteak; eta kirol emankizunen buru Kriztof Arotzarena izango da. Ostegun arratsaldeetan, Punttuka bertso saioak jarraituko du, Xan Alkaten eskutik.

Pantxix Bidart eta Marie Hirigoien musikariek emankizun berri bat egingo dute aurten, irratietako artxiboak baliatuz. Hemendik aste batzuetara estreinatuko dute.

Arrosa irrati sareko Zebrabidea magazina bi aurkezlek gidatuko dute urritik aurrera. Bietako bat Euskal Irratietako Arantza Idieder esataria izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.