Xabin Fernandezek irabazi du Audiogile Berriak

EITBk ekoitziko du 'Zure ilunetan' fikziozko podcasta, eta Guau plataformaren bidez zabalduko dute.

Xabin Fernandez irabazlea, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Xabin Fernandez irabazlea, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 26a
15:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Tabakaleraren eta EITB taldearen eskutik, euskarazko soinu fikzioak sustatzeko asmoa du Audiogile Berriak egitasmoak. Bigarren aldiko deialdia egin dute aurten, eta proiektu irabazlea Xabin Fernandezen Zure ilunetan izan da. EITBk ekoitziko du, eta Guau audio plataformaren bidez zabalduko dute proiektua. Aukeratutako lanak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.

Igogailu batean harrapatuta geratzeak sortzen duen tentsioa islatuko du Fernandezek bere fikzioan. Horrez gain, izaki misteriotsu batzuen lekukotzak hankaz gora jarriko du dena. Zientzia fikziozko kontakizun horrek bost atal izango ditu. Proiektu irabazleari buruz zera esan du epaimahaiak: «Genero horretako adibide bikaina da: narratiba egitura bereziki pentsatua dago entzuteko euskarrietarako, eta entzulea esperientzia sentsorial eta bizian murgiltzen du lehen segundotik bertatik». Dolby Atmos teknologia erabiliko du soinu fikzioak.

Audiogile Berriak egitasmoko irabazlea Xabin Fernandez izan da
Xabin Fernandez, Maite Goñi, Jon K. Sanchez eta Edurne Ormazabal, gaur, EITBren Bilboko egoitzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Bigarren postuan Jon K. Sanchezen Zure eskaera, prest! gelditu da. Beldurra, suspensea eta umore beltza uztartzen ditu soinu fikzio horrek. Hirugarren postuan, berriz, Gaizka Sarasuaren eta Iraia Irazustaren Kurruka Enea gelditu da. Misterio kutsua du.

Audiogile Berriak egitasmoaren lehen aldian, Xabi Paiaren De Rigor Mortis izan zen irabazlea. Garazi Urkolaren eta Hodei Arrastoaren Enkantea izan zen finalista, eta bi soinu fikzioak Guau plataforman entzun daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.