Xaken jarri da Lapitz

ETB2k bihar estreinatuko du 'En Jake' saioa, 12:00etan.Astelehenetik ostiralera, gaur-gaurko gaien inguruko eztabaidak egingo dituzte

Arantza Ruizek eta Xabier Lapitzek aurkeztuko dute En Jake saio berria bihartik aurrera ETB2 katean. EITB.
urtzi urkizu
2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Azkeneko sei urteetan Onda Vasca irratian goizak gidatzen aritu ostean, Xabier Lapitz kazetaria ETBn arituko da denboraldi honetan. Bihartik aurrera, En Jake saio berria zuzendu eta aurkeztuko du, astegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Gaur-gaurko gaiak aztertzeko, platoan —Bilbon— izango dira komunikabideetako kazetariak, alderdi politikoetako ordezkariak, eta talde eta elkarte sozialetako kideak. Iritzia eta hausnarketa politikoa uztartuko dituzte programan. Prime Time Media ekoizpen etxeak —aurreko denboraldian Euskal Herria Zuzenean egin zuen ETB1erako— eta ETBk ekoitziko dute saioa.

Egunero, eztabaida mahaiaz gain, elkarrizketaren tartea izango da programan. Politikariak eta aktualitatea duten gaiekin lotutako protagonistak elkarrizketatuko ditu Lapitzek. Mahaian diren kazetariek ere galderak egiteko aukera izango dute.

Arantza Ruiz kazetaria izango du lagun Lapitzek platoan. Pantaila handi batean azalduko dituzten datuak, grafikoak eta irudiak aurkeztuko ditu Ruizek. Horrez gain, erredakzioan izango da Blanca Saez kazetaria, eta egunero azken orduko albisteak emango ditu. Kalera ere irtengo dira saioko berriemaileak, eguneko albistea gertatu den tokitik kontatzeko eta protagonistak elkarrizketatzeko.

Alfonso Alonso, bihar

Estreinako saioan, EAEko PPko presidente berria elkarrizketatuko dute: Alfonso Alonso. Arantza Quirogak dimititu ostean, ostegunean hartu zuen alderdiaren gidaritza. Datozen egunetan, hauek izango dira elkarrizketatuak: Patxi Lopez PSOEko Harreman Politikoen idazkaria, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia.

Saioko eztabaida mahaian, besteak beste, honako kazetari hauek parte hartuko dute lehen egunetan: Martin Garitano, Martxelo Otamendi, Jose Uriarte, Olatz Barriuso, Alberto Aiala, Lourdes Perez, Luis Aizpeolea, Josean Izarra eta Alberto Surio.

'Sin ir más lejos', berrituta

Eguerdietan ez ezik, Lapitz zenbait arratsaldetan ere azalduko da ETB2 katean. Aste honetan hasi da Sin ir más lejos saioarekin kolaboratzen. Klaudio Landak aurkezten duen programan astearen hastapenean izango da Hondarribian (Gipuzkoa) jaiotako kazetaria. Egoera politikoa aztertu eta gakoak ematea izango du eginkizun.

Beste bi kolaboratzaile finko hasi dira aste honetan arratsaldetako saioan parte hartzen: Dani Alvarez eta Reyes Prados. Alvarezek —Radio Euskadin Boulevard gidatzen du—elkarrizketak egingo ditu astearteetan. Datozen bi asteetan Denis Itxaso eta Onintza Enbeita elkarrizketatuko ditu. Pradosek —Tú al Norte y Yo al Sur saioa aurkezten ari da— bideo harrigarriak eramango ditu ETB2ko saiora, ostiralero. Denboraldi hasieran ikusle datu apalak izan ditu arratsaldeko magazinak. Joan den asteartean gora egin zuen: %13,2ko ikusle kuota lortu zuen; hurrengo bi egunetan, aldiz, %8,5eko eta %6,6ko kuota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.