Xaloa Telebista marrazki bizidunak ematen hasi da, egunean hirutan

EITBren eta Tokikomen arteko lankidetza hitzarmenari esker lortu ditu eskubideak tokiko kateak

4 Z / BERRIA.
urtzi urkizu
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Abenduan hasi zituen probako emisioak Xaloa Telebistak, Iruñerrian. Otsailaren 2an eguneroko albistegiak eskaintzeari ekin zion. Eguneroko magazinekin berriki hasiak dira —goizez eta arratsaldez—. Aste honetan, berriz, pauso garrantzitsu bat eman du euskarazko tokiko kateak: marrazki bizidunak emititzen hasi da. Astelehenetik ostiralera, goizean (07:30), eguerdian (14:30) eta arratsaldean (19:00) ikusi ahalko dira marrazkiak; eta larunbat eta igandeetan, goizez.

EITBk eta Tokikomek lankidetza hitzarmena zabaltzeko eranskina sinatu zuten otsailaren 4an. Eranskin horri esker, Iruñerriko haurrek euskaraz hainbat marrazki bizidun ikusteko aukera izango dute Xaloa Telebistaren bidez. ETBk dituen marrazki bizidunak arakatu, eskubideak zeintzuk zituen uzteko moduan begiratu, eta horiek Xaloaren esku utzi ditu. Musu truk eman ditu ETBk marrazkiak, baldintza batekin: Xaloaren emankizunean «ETBri esker» edo pareko formula bat jarri beharko du.

Hitzarmenaren aurkezpenean, Xaloa Telebistako zuzendari Joseba Igarabidek, Tokikomeko lehendakari Urko Aristik eta EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek adierazi zuten elkarlanak «bide luzea» izango duela.

Iruñerriko neska-mutikoek Xaloa Telebistan ikusi ahalko dituzten marrazki bizidunak honako hauek dira: Alex eta Alexis, Maroons, Sylvan, Ipar haizearen kondaira, Cloud Trotters, Txirrita eta Pernando Amezketarra. Egunotan, Lazkao Txiki etaUnibertsolariak marrazkiekin hasi dira.

Xaloa Telebistak lurreko telebista digitaleko baimena lortu zuen 2013. urtean Nafarroako Gobernuak antolatutako lehiaketan. Ordutik proiektua martxan jartzeko lanean aritu dira telebistako kideak —Baztanen eta Malerrekan lehen bezala emititzen jarraitzen dute—.

Iruñerrian Xaloa LTD bidez ikusteko, telekomandoarekin kanalak berriz sintonizatu behar dira, eta euskarazko katea 38. kanalean azaltzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.