Egunean Behin eta Tagzaniaren ondotik, egunero dosi txikietan kontsumitzeko beste joko eta aplikazio bat kaleratu du Eibarko (Gipuzkoa) Codesyntax enpresak: Xiba. «Joko bat... edo joko sorta bat: egunero denborapasa edo puzzle erako hiru joko proposatzen ditu Xibak, zortzi jokoko katalogo batetik, eta horiek ebazten saiatzea da kontua», azaldu du Ion Lizarazuk, Codesyntaxen izenean. Buru trebezia eta arintasuna neurtzeko jokoak dira.
Hiztegia eta hizkuntza aberasteko, Letra zopa eta Gaurko hitza erronkak ditu Xibak, euskaraz; kalkulu matematikoa eta logika lantzeko, berriz, Quento. Horietaz gain, memoria bisuala (Bikoteak), kontzeptuak lotzeko gaitasuna (Elkartu gaiak), estrategia (Zaldunaren urratsa) eta erreakzio abiadura (Klikatu edo Aukeraketa) neurtzen dituzten jokoak aurkituko ditu erabiltzaileak.
Puntuazioak eta lehiakortasuna ere presente daude jokoan, baina bigarren mailan. Sailkapen orokorrari begira egon ordez, Xibak aukera ematen du jokalariaren markak beste erabiltzaileen batezbestekoarekin alderatzeko, baita bakarka beste erabiltzaileekin konparatzeko ere. Gainera, Linkedin sare sozialaren jokoen antzera, bolada edo streak kontzeptua dakar Xibara: zenbat eta egun gehiago jokatu jarraian, orduan eta luzeagoa izango da erabiltzailearen bolada.
Jada deskargatu daiteke gailu eramangarrietan Xiba.eus, doan. Egunean Behin joko arrakastatsua sortu zuen talde berak jarri du martxan Xiba.