Gogoratzen al duzu euroaren krisia izan zen garaia? Herrialde batzuk gehiegi zorpetu ziren eta zailtasunak izan zituzten zor horiek birfinantzatzeko. Inor ez zen herrialde haietaz fio. Zordun horien artean zegoen Grezia. Hiru astez, bizilagunek ezin izan zuten beren dirurik atera bankuetatik, pentsa.
Garai hartako pertsonaia ezagunenetako bat bihurtu zen Yanis Varoufakis ekonomilaria. Syriza alderdia gobernura iritsi zen krisiari erantzuna emateko, eta bertako finantza ministro bihurtu zen Varoufakis, bost hilabetera dimisioa eman arren.
Zenbait liburu idatzi ditu Yanisek. Youtuben ere, hainbat bideo aurkituko dituzu haren hitzak entzun nahi izanez gero. Azken hilabeteotan, baina, zabaltzen ari den arazo larri baten biktima bihurtu da; Yanisek gai askori buruzko iritzia ematen duen bideoak ugaritu dira sarean. Larriena da ez direla haren hitzak. Bideo horiek guztiak faltsuak dira; adimen artifizialari esker, ministro ohiaren irudi zein ahotsa klonatuak izan dira. Haren jarraitzaileak Varoufakisengana kontu eske joan dira bideoetan entzundakoagatik. Eta hark erantzun behar izan du bideo horiek ez direla benetakoak.
Ministro ohia harremanetan jarri da Youtube eta konpainia erraldoiekin, bideo horiek ezabatzeko. Baina guda antzua dela aitortu du. Bat kendu eta beste hamar argitaratzen dira. Garai horretan bizi gara, digitala den oro simulatu daitekeen aroan. Gero eta ordu gehiago bizi ditugu pantailetan, eta ezin jakin bertan zer den egia eta zer gezurra.
Urtearen hasieran ere irakurri genuen Youtubeko bideo laburren %21 adimen artifizialak sortuak direla. Eta datuak handitzen joango dira, emaitzak gero eta sinesgarriagoak baitira. Argitaratzen diren liburuen kasuan ere horrela da, haien kalitateak ez du zerikusirik duela urtebetekoekin. Aurten, istorioak idazteko gaitasuna liburu koherente eta dibertigarri bihurtzeraino iritsi da AA sortzailea; eta euskaraz, gainera.
Hain zabaldua dagoen gorotz sintetikoaren artean, kontsumituko ditugu emozionatuko gaituzten eduki artifizialak, sarri, egiletzaz jabetu ere egin gabe. Horrek guztiak duen ifrentzuaren eragina, batek jakin zein izango den. Bitartean, hobe hezur-haragizko bizitza zaintzen jarraitzen badugu. Euroaren krisian bezala, agian inor ezingo baita inortaz fio datorkigun mundu digitalean.