Maria Amolategik (Beasain, Gipuzkoa, 1987) Sugan taldearekin grabatu zuen lehen diskoa, oso gazte zelarik. Tele5ko La Voz saioaren bigarren ediziora aurkeztu zen, eta, orain, Stars. Izarrak kalean saioko aurkezle lanetan dabil; bitartean, lanean jarraitzen du betiko taldearekin.
Lehenengo, lehiakide La Voz-en, eta, orain, aurkezle. Nola murgildu zara proiektu berri honetan?
Baliteke La Voz-en bigarren edizioan parte hartzeak ateak ireki izana. Suganen ere ibili naiz, eta ibilbide musikal bat dut. Agian, horrek ere lagunduko zidan.
Zer moduz moldatzen zara aurkezle lanetan?
Lehen aldiz egiten den edozerk bezala, hasieran beldur pixka bat ematen zidan; ez nekien ondo egingo ote nuen. Baina zenbat eta gehiago grabatu, orduan eta gusturago sentitu naiz, eta nik uste nabaritu dela aldea lehen saiotik azkenera.
Zertan datza Stars. Izarrak kalean lehiaketa?
Musika lehiaketa bat da. Hamasei lehiakide daude. Sorpresaz jakinarazten diegu aukeratuak izan direla, haien etxean, lanean edo ikastolan agertuta. Ordubete uzten diegu prestatzeko, eta gero ustekabeko leku batera eramaten ditugu. Kaleko jendeak aukeratzen du irabazlea: diru gehien jasotzen duena. Lau saio egongo dira, eta bakoitzaren irabazleak final handia jokatuko du, kalean hori ere.
Nolako jendea aurkeztu da lehen ediziora?
Denetarik dago. Gaztetxoenak 14 urte ditu, eta helduenak, 61 baino gehiago. Ahots aldetik oso ezberdinak dira, eta nahiko maila altua dago. Haien artean ere izen batzuk indar handiagoz entzuten dira.
Aterako al da izarrik saiotik?
Badago jada esperientzia duen jendea, eta ondo legoke saioak ospe handiagoa lortzen lagunduko balie.
Zure bizitza aldatu al da telebistan agertzen zarenetik?
Batere ez. Jendeak gehiago ezagutzen zaitu, baina besterik ez. Nik nire taldea nuen La Voz-era joan aurretik, eta orain ere horretan jarraitzen dut. Agian, aurkezle izateko bultzada bat izan da, baina egunerokotasunean berdin jarraitzen dut.
Laguntzen al dute telebistako lehiaketek norberaren musika ibilbidea garatzen?
Hala uste dut. Orain gauzak oso gaizki daude; zaila da musikaz bizitzea.Telebistan agertzeak ateak irekitzen ditu. Ez duzu zure musika erakusten, zerbait ezaguna abestu behar duzulako, baina publizitatea egiten dizute, eta hori lagungarria da.
Sugan taldeko ahotsa ere izan zinen. Nolako esperientzia izan zen hura?
15 urterekin hasi ginen lagun taldean abesten, eta prozesu luzea izan bazen ere, oso polita izan zen. Gaztetxoak ginen, eta oso esperientzia berezia izan zen.
Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Betidanik gustatu izan zait abestea: musika eskolan ibiltzen nintzen, oporretara gindoazenean ere hoteleko animaziora ateratzen nintzen abestera, eta etxean beti bultzatu naute.
Zerk erakartzen zaitu gehien musikaren mundutik?
Zuzeneko kontzertuak ematea asko gustatzen zait; jendearen berotasuna izugarria da.
Etorkizunera begira, ba al duzu proiekturik?
Lehen esan dudanez, talde batean nabil. Oraindik ez du izenik, baina nik konposatutako kantak jotzen ditugu, ingelesez. Bestelako kontuekin, apur bat alboratuta eduki dugu, baina grabatzen ari gara, eta diskoa kaleratzeko asmoa dugu. Ilusioz betetzen gaituen proiektua da.
Maria Amolategi. 'Stars. Izarrak kalean' saioko aurkezlea
«Zaila da musikaz bizitzea, eta telebistak ateak irekitzen ditu»
Txikitatik ezagutzen du musika mundua: musika eskolan lehenengo, eta Sugan taldean ondoren.'La Voz'-en parte hartu zuen, eta 'Stars. Izarrak kalean' saioa aurkezten dihardu orain, Haritz Leterekin batera, ETB1en.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu