«Zerbait dakienak kontatu dezala»

Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur'-en inguruko hiru ataleko podcast bat egin dute. Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuak ekoitzi dute.

Perturren desagerpenaren inguruko podcast saioa aurkeztu zuten atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Perturren desagerpenaren inguruko podcast saioa aurkeztu zuten atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Podcast hau Eduardoren desagerpenaren egia historikoa ezagutzeko bidea da. Haren bizitza, gurasoen eta senideen arteko harremana, bizitzako azken hilabeteetan erakundean bizi izan zuena, batzuek harekiko zuten gorroto beltza, desagerpenaren inguruko kontakizuna, ondorengo gorabeherak. Hori guztia eta gehiago kontatzen da podcast honetan». Zeharo hunkituta esan zituen hitzok atzo Lourdes Auzmendik, Donostian, El caso Pertur podcastaren aurkezpenean. Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko militantea desagertu zenean haren bikotekidea zen Auzmendi, 1976ko uztailaren 23an. 50 urte geroago, inork ez du argiki adierazi zer gertatu zen Perturrekin. Auzmendik ikus-entzunezko edo audiozko egitasmo bat egiteko proposamena egin zien Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuari eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroari, eta haiek ekoitzi dute hiru ataleko podcasta. Atzo aurkeztu zuten Donostiako Santa Teresa komentuan, aretoa erabat beteta zela —herritar ugari atzean zutik ziren, eserlekurik gabe—.

Gaizka Fernandez Soldevillak eta Abel Garcia Rourek zuzendu dute podcasta; gaztelaniaz da. Historialaria da Fernandez Soldevilla, eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan ari da lanean. Garcia Roure, bestalde, gidoilari eta zinemagilea da  —La línea invisible telesailaren ideia sortu zuen; Txabi Etxebarrietari buruzko fikziozko lana—. Lokuzioa Eva Domaika kazetariak egin du. Eta teknikari lanetan Patxi Diaz aritu da. Lehen atala entzungai dago jada Ivoox plataforman eta La memoria perdida elkartearen webgunean; gaur estreinatuko dute bigarrena, eta etzi, hirugarren eta azkena. Non dago Pertur? izenburua du azken atalak.

Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur
Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur'. BERRIA

Fernandez Soldevillak nabarmendu du podcastean ez dela bakarrik Perturren desagertzeaz hitz egiten. «Moreno Bergaretxeren bizitzaz hitz egiten da. Batez ere hirugarren atalean hitz egiten da desagerpenaz». Edonola ere, Perturren gertukoek itxi gabe dute zauria 50 urte geroago, ez baita haren gorpua inon agertu oraino. Eta Alvaro Moreno Bergaretxe, Perturren anaia, zauria ixteko beharraz mintzatu zen atzo. Azaldu zuen hasieran aparatu polizialei egotzi ziela anaia desagertu izana; manifestazioetan ere parte hartu zuen hurrengo hilabeteetan hori salatzeko. «1978ko urtarrilean, jakin genuen erakundeko bi kide oso etsaituta zeudela Eduardorekin, eta, gainera, jakin genuen egun bat baino gehiagoz bahituta ere eduki zutela erakundeko kide haiek. Lourdes Auzmendiri ere gutun bat bidali zion Eduardok, eta giroa oso-oso txarra zela adierazi». Datu horiek aintzat hartuta, familiak salaketa bat jarri zuen Frantziako Polizian. Ez zen ezer argitu orduko hartan.

Pertur gogoan manifestazioa Donostian 1977an
Pertur gogoratzeko manifestazioa, Donostian, 1977an. ARGIA ARTXIBOA

Auzia zabaldu zen 2008an —aurretik, Angel Amigok El año de todos los demonios dokumentala estreinatu zuen; eta gero, auzitegian, neofaxista italiar batzuk galdekatu zituzten—. Beste lekukotza batzuk ere izan ziren epaile aurrean; Pakito eta Apala ETApm-ko komando berezietako kideak tartean. «Baina, 2012an, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia itxi zuen, froga juridiko nahikorik ez zegoela eta». Perturren anaiak atzo esan zuenez, lekukoek diote Miguel Angel Apalategi Aierbe Apala eta Francisco Mujika Garmendia Pakito erakundeko bereziak izan zirela Pertur azkenekoz ikusi zutenak, auto batean. «Eta haien artean etsaitasun bat bazen orduan. Tentsio agerikoa ere bai». Alvaro Moreno Bergaretxeri ez zaio kasualitatea iruditzen topaketa hura. «Gure arreba Inesek duela gutxi esan zuen moduan, desagertzean parte hartu zuenak edo zerbait dakienak esan dezala zer gertatu zen, modu anonimoan bada ere. Zauria itxi beharra dugu».

Lourdes Auzmendik ere gauza bera eskatu du, eta zera gogorarazi: «Angel Berazadi enpresaria ETAko Komando Bereziek hil zutenean, 1976an, Eduardok aurre egin zien, eta uste dut horrek azkartu egin zuela batzuen asmoa Pertur paretik kentzeko».

Elkarrizketa ugari podcastean    

El caso Pertur podcastean askotariko lekukotzak entzun daitezke. Elkarrizketatuen artean daude Perturren bikotekide ohi eta anaia, baina baita beste hainbat ere: Martin Auzmendi familiako abokatua, Andres Muller-Thyssen Bergaretxe, Arantza Leturiondo, Iñaki Martinez, Fermin Imaz, Joseba Knorr Trevi, Josu Elkoro, Gorka Knorr, Angel Amigo eta Jose Jaime Ortuzar, besteak beste.

Perturren desagerpenaren inguruko hiru ataleko podcast saioa. Lurdes Auzmendi.
Lourdes Auzmendi atzo, Perturren desagerpenaren inguruko podcastaren aurkezpenean. ANDON CANELLADA / FOKU

Auzmendik beste desagerpen batzuk aipatu zituen, eta haien senideen sufrimendua gogoratu. Jose Humberto Fouz Escudero, Jorge Juan Garcia Cameiro eta Fernando Quiroga Veiga galiziarrak 1973ko martxoan desagertu ziren, eta inork ez du haien desagerpenaren berri eman. «Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren inguruan ere ez dakigu ezer oraindik. Eta sentitzen dut, baina antzekotasun ugari daude Perturren eta Naparraren desagerketen artean», esan zuen Auzmendik. 

Galderen txandan, ezusteko parte hartze bat izan zen aurkezpenean. Kepa Pikabea ETAko kide ohia aretoan zen. Hark azaldu zuen ez duela sekula entzun zer gertatu zen Perturrekin. «Pertur lagun izan zuten batzuek oso ondo hitz egin izan didate hari buruz. Ez dut informaziorik, baina laguntza emateko prest nago. Esan nahi dut Popo Larre militantea ere desagertu zela; haren desagertzea ere argitu beharko da». 

Auzmendik, bestalde, entzule baten galderari erantzunez, kontatu zuen Nikaraguako iraultza sandinistaren garaian, bazkari batean, ETAko militante batek Apalari Perturri buruz galdetu ziola. «Apalak erantzun zuen nahikoa zela hori galdetzeaz. Haiek hil zutela eta gorpua uretara bota zutela. Militante horrek pasadizo hura lagun bati kontatu zion, eta gero, niri».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA