Zesta punta oinarri duen joko bat sortu du EITBk

Xistera eskubiko eskuan lotuta ahalik eta indar handiena eginez pilota jaurtitzean datza joko birtuala.

Jai Alai Play EITBren joko interaktiboaren aurkezpena, gaur, Gernikan. GORKA RUBIO / FOKU
Jai Alai Play EITBren joko interaktiboaren aurkezpena, gaur, Gernikan. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2025eko urriaren 27a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken astelehena da gaur. Eta Eusko Label Winter Series txapelketa ere gaur bertan hasiko da Gernikan. Testuinguru berezi horretan aurkeztu dute gaur EITBren aukera interaktibo berria: Jai Alai Play. 

Zesta punta du oinarri Jai Alai Play joko berriak. EITBk «aukera interaktibo berri gisa» definitu du. Jokalariak, Jai Alai Play txokoaren erdigunean kokatuta, «zesta puntako izarren esperientzia bizitzeko» aukera izango du.

EITBko Kiroletako zuzendari Joseba Urkiola eta Amane Ibañez zuzendariordea, Jon Lamarka EITBLab laborategiko arduraduna, Ignacio Otalora DigiPen enpresako zuzendari nagusia eta Eder Beldad jokoaren garatzailea izan dira aurkezpenean. ETBko ordezkariek nabarmendu dute zerbitzu berri bat eskaini nahi dietela herritarrei: «Gure kirola, euskal kirola, urrutira iritsi da beti. Gure kulturak itsasoak zeharkatu ditu. Eta pilotalekuen giroak hunkitu egin du kontinente desberdinetako publikoa. Gainera, gure kirolak batu egiten gaitu; gure kirola gu garena da. Eta hori borobiltzera dator Jai Alai Play txokoa: norberak, xistera hartuta, frontoietako zirrara sentitzea bezalakoa da».

Joko berriaren sortzaileek uste dute Jai Alai Playk herritar asko harrituko dituela. «Teknologia eta entretenimendu digitala nagusi diren mundu honetan, ondare hori belaunaldi berriei eta Euskal Herria bisitatzen dutenei hurbiltzeko modu berriak behar dira. Hala, zesta puntaren esperientziak jokalariak berriro hunkitzea, harritzea eta lotzea da Jai Alai Play jokoaren helburua».

Jai Alai Play EITBren joko interaktiboa
Jai Alai Play EITBren joko interaktiboa. GORKA RUBIO / FOKU

Xistera eskuineko eskuan lotuta, ahalik eta indar handiena eginez jaurti behar dute pilota jokalariek. Pantailan, jaurtiketa ikusiko da, baita pilota norantz doan ere, zer abiaduratan, eta puntua sartu den ala ez. Ondotik, jokalariak pilotaren abiaduraren arabera sailkatuko dira. Emaitzen pantailak, bestalde, hiru atal ditu: abiadura neurgailua, errepikapena eta ibilbidea, eta estatistikak.

QRarekin, bideoa 

Beste alde batetik, QR kode bat ere badu Jai Alai Playk. Kodea eskaneatuta, eitb.eus webgunera iritsiko da erabiltzailea edo jokoan parte hartzen duen herritarra. Bertan, norberak bere bideoa eskuratzeko aukera izango du; EITBk ohartarazi du erabiltzaileek izena eman beharko dutela aurretik eman ez badute.

Gernika-Lumoko aurkezpenera gerturatu direnek aukera izan dute Jai Alai Playn inor baino lehenago jokatzeko; zesta puntako jokalari ezagun batzuek ere probatu dute.

Zesta punta telebistan ikusi besterik nahi ez duenak aukera ona du, bestalde, ETB1en. Euskarazko kateak gaurtik aurrera emango du Gernikatik Eusko Label Winter Series txapelketa. Zortzi bikote izango dira lehian, eta finala otsailaren 15ean jokatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.