Alaitz Otxoa de Eribek eta Ana Galarragak gidatzen dute Uhin ultramoreak zientzia podcasta EITB taldeko Guau plataformarentzat, eta aurten beste hemezortzi atal egingo dituzte. Hamabostean behin entzun ahalko dira atalak, bai Guau plataforman, bai ohiko audio plataformetan eta Elhuyarren Zientzia.eus webgunean.
Denboraldiko lehen atala entzungai da jada, eta berezia da oso. Hain zuzen ere, Donostiako Aquariumean grabatu zuten asteazken goizean, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Batxilergoko lehen eta bigarren mailako hainbat ikasleren aurrean egin zuten emanaldia. Bideoz grabatu zuten, eta, hortaz, salbuespen modura bideo formatuan ere ikusi ahalko da lehen atal hori. Hurrengo atalak soilik audio formatuan sareratuko dituzte.
Ana Galarraga podcasteko bi gidarietako batek azaldu du aurten Neska eta Emakume Zientzialarien Egunaren mezua adimen artifizialarekin lotua dela. «Horrenbestez, lehen atalean adimen artifizialean dauden alborapenak eta diferentziak aztertu ditugu, eta horiei aurre egiteko zer ahalegin egiten ari diren hainbat emakumezko». Betaurreko moreak jartzen dituen saioa da Elhuyarrek ekoizten duen hau. «Ikuspegi feministarekin eta diskriminazioak salatuz egiten dugu podcasta, eta egunari oso ondo zihoakion».
Adimen artifizialaren gaiari helduko diote beste atal batzuetan ere. Galarragak nabarmendu duenez, gaia «zeharkakoa» da, «diziplinartekoa». Ematen du zer esana gaur egun. «Eta ikusten denez, ahalmen handiak ditu aurrerapenak lortzeko. Aldi berean, agerikoa da zer arrisku dituen, zer hutsune gertatzen diren eta zer diskriminazio sortzen dituen. Ezinbestean tokatuko zaigu adimen artifizialaz hitz egitea».
«Ikuspegi kritikoa piztea»
Aurreko hiru denboraldietan egindako lana entzungai dago. «Eta gure asmoa da lehen hartutako bideari eustea», dio Galarragak. «Jendeak zientziaren eta teknologiaren inguruan pentsatzea nahi dugu, horri buruzko ikuspegi kritikoa piztea. Uste dugu feminismoa horretarako talaia aproposa dela, ikusarazten dituelako gauza asko bestela isilarazita edo azpian gelditzen direnak». Hori guztia ahalik eta modu entretenigarrienean egin nahi dute Otxoa de Eribek eta Galarragak. «Podcasta erraza eta samurra izan dadila nahi dugu».
Denboraldiko bigarren atalaren gaia ere aurreratu du Galarragak. Zer jan, zer izateko izango du izenburutzat. «Haragiaren kontsumoan bada aldea gaur egun: emakumezkoek haragi gutxiago jaten dute, eta haietako batzuek uko egiten diote haragia jateari ingurumenari mesede egiteagatik. Gizon batzuek, berriz, uko egiten diote haragia jateari uzteari, batzuek uste dutelako gizontasunarekin lotuta dagoela eta testosterona sortzeko haragia jan behar dela».