Peli Lekuona. Naiz irratiko 'Hemen gertatu zen' saioko aurkezlea

«Zientziaren aurkako eraso politiko bat da webguneena»

Memoria historikoari buruzko irratsaio bat gidatzen du astero Lekuonak, Naiz irratian. Historialarien laguntza izaten du, eta oroimen elkarteen lanaren bozgorailu ere izan nahi du.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kidea da Peli Lekuona (Irun, Gipuzkoa, 1995). Naiz irratian askotariko lanak egiten ari da, oroimen historikoaren saioa gidatzeaz gain.

Nola sortu zen Hemen gertatu zen irratsaioa egiteko ideia?

Naiz irratiaren apustuetako bat zen oroimen saio bat egitea, eta horretarako deitu ninduten. Proposamena atzeratu egin zen, eta, bestalde, irratiko lankide bat joan egin zen, eta haren ordez sartu nintzen lanera. Azkeneko urtean, irratiko programazioa egonkortu egin da. Ikasturte hasieran proposatu zidaten saioa egiteko, eta horretan ari gara.

Historialari kolaboratzaileen sare sendoa osatu duzue.

Bai, kolaboratzaile bakoitzarekin molde jakin batzuk jorratzeko.

Josetxo Otegi da horietako bat.

Donostiako memoria historikoari buruzko saio batzuk landu genituenean ezagutu genuen. Hemen gertatu zen saioan, berriz, Donostiako XX. mendeko lehen hamarkadak ari da lantzen. Une honetan, Bigarren Errepublikako kontuak ari da errepasatzen. Donostia bero zegoen orduan, eta indarkeria politikoa egunerokoazen.

Lander Garciak memoriarekin lotutako kantuak aztertzen ditu. Tarte erakargarria da, ezta?

Bai, berak badu esperientzia irratian, Hala Bedin egin izan dituelako kolaborazioak. Memoria jorratzeko modu desberdin bat erakusten du, musikaren bitartez. Azken kolaborazioan, Eustakio Mendizabal Txikia-ren heriotzaren inguruko kantei buruz aritu da. Garciarekin beti ikasten da zerbait.

Etxahun Galparsoro da hirugarren kronikaria.

Galparsoro doktore tesia egiten ari da euskal deportatuei buruz. Horrez gain, Lazkaoko artxibategian [Gipuzkoa] egiten du lan. Saioan, irratira eraman nahi genituen artxibategi horretako edukiak. Adibidez, harekin euskal kartelgintza politikoari buruzko saio bat egin dugu. Datorren astean deportazioaz ariko gara Galparsororekin.

Azkeneko atalean, nabarmendu duzu memoria inoiz baino beharrezkoagoa dela. Zer iritzi duzu Aranzadi elkartearen webguneekin gertatzen ari denaz?

Pentsaezina zena gertatu da. Aranzadi bera jopuntuan jarri izana ikaragarria da. Aranzadikoak bata zuriko historialariak dira, zientzialariak! Webguneak Gogora-ren irizpideei jarraituz egin zituzten. Baita 2013an Jon Mirena Landak eta Manuela Carmenak sinatutako dokumentu bati jarraituz ere. Hauteskunde atariko tangente batek leherrarazi du dena. Aranzadik berak argi dio ezagutza dela lan horien helburua.

Denek ez dute horrela ikusi.

Aipatu dute ETAko presoak eta biktimak nahastu direla, zaku berean. Baina hori da garaikideak direlako. Denbora ez da ezer ideologikoa. Gogora-ren lan batean1936ko gerrako biktimak ageri dira, eta ondo zehazten dira batzuk errepublikarenak direla, eta beste batzuk faxistenak. Baina hemen orain gertatu dena zientziaren aurkako eraso politiko bat izan da. Gainera, kontuan hartu behar da herrietako elkarbizitza batzordeetan adostasun batzuk egon direlako eraman direla aurrera webgune eta lan horiek.

Testuinguru horretan, Hemen gertatu zen irratsaioak zer oinarri nagusi ditu?

Oroimen elkarteak dira oinarria. Memoria historikoa jorratzen lehenak haiek izan ziren. Klase politikoarentzat oroimenak garrantzia izan du XXI. mendearen hasieratik aurrera, baina azkenak izan dira iristen, zarata sortu dute,eta oso modu bortitzekin aritu dira kasu batzuetan. Irratsaioak oroimen elkarteen bozgorailu izan nahi du. Unibertsitate irakasleengana ere jotzen dugu.

Nolako feedbacka ari zara jasotzen?

Uste dut jendeari gustatu zaiola saioa. Kexurik ez da, oraingoz.

Irratsaioko eduki batzuk Gara egunkarira paperean iristen dira, ezta?

Bai. Adibidez, Martxoaren 3an zuzeneko irratsaio bat egin genuen Gasteizen, eta, gero, lankideek paperera eraman zuten. Hainbatetan egiten ditugu halakoak. Oroimen elkarteentzat, bestalde, garrantzitsua da beren lanak hedabideetan zabalpena izatea. Irratsaioa ere horretarako dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.