'Zure ilunetan' fikziozko audio ekoizpena estreinatu du Guau plataformak

Audiogile Berriak deialdiko irabazlea izan zen Xabin Fernandez, eta harena da gidoia. Oier Arantzabalek zuzendu du lana. Ulu Mediak ekoitzi du, EITBrentzat.

Edurne Ormazabal, Xabin Fernandez, Maite Goñi eta Oier Arantzabal, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Edurne Ormazabal, Xabin Fernandez, Maite Goñi eta Oier Arantzabal, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 25a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Tabakalera kultur zentroak eta EITBk euskaraz ekoitzitako fikziozko audio lanak sustatu nahi dituzte Audiogile Berriak egitasmoaren bitartez, eta, hain zuzen, ekinaldi horren fruitu batek argia ikusi du: Zure ilunetan lanaren lehen atala EITBren Guau plataforman entzun daiteke jada. Bost atal ditu, eta datozen asteetan sareratuko dituzte hurrengo lau atalak.

Audiogile Berriak deialdiaren bigarren aldia Xabin Fernandez Zubeldiak irabazi zuen. «Proiektu bat aurkeztu nuen, eta aukeratu zituztenetako bat izan zen. Hiru finalista aukeratu zituzten Tabakalerak eta EITBk, eta, orduan, ideia hori garatzeko aukera eman ziguten», azaldu du Fernandezek. «Gidoia garatzen aritu nintzen, haien laguntzarekin eta tutoretza batzuen bitartez». Katixa Agirre eta Jose Antonio Perez Ledo aritu ziren mentore. Teknikaren alorrean, berriz, Haritz Leteren laguntza izan zuten. Ondotik, Fernandezen proiektua gailendu zen hiru finalisten artean.

«Orduan, EITBk  konpromisoa hartu zuen proiektua garatzeko eta podcasta ekoizteko. Eta horraino nire parte hartzea», aipatu du Fernandezek. Hain zuzen ere, Fernandezen gidoia abiapuntutzat hartuta, Ulu Media ekoiztetxeak garatu du bost ataleko fikzio lana. Oier Arantzabal aritu da podcastaren zuzendari. Bestalde, Itziar Atienzak, Joseba Apaolazak eta Anartz Zuazuak jarri diete ahotsa pertsonaia nagusiei. Fernandezek berak ere jarri dio taldeko pertsonaia bati. Irudiak Alain Urrutiak sortu ditu.

Fikzio lana Donostian girotua dago, 1990eko hamarkadan, eta kontatzen da zenbait lagun igogailu batean harrapatuta gelditzen direla. Fernandezek nabarmendu du zera irudikatu nahi zuela, igogailu bat ilunpetan. «Laborategi bateko igogailuan gertatzen da istorioa. Protagonistak handik alde egin nahian dabiltza. Baina pixkanaka gauzak aldrebestuz joaten dira. Pertsonaiak konturatzen dira arazoa ez dela igogailuaren argindarrarena soilik. Abentura gogortuz joaten da gero». Gidoilariak jakinarazi du zientzia fikzioa ere badela lanean, izaki baten erasoa ere badago-eta tartean.

Fernandezi «abentura polita» iruditu zaio fikziozko audio lan bat sortzea. «Ez da irrati nobela bat, baina garai bateko irrati nobelen lehengusu modernoa bai». Grabaketetan bisita batzuk egin zituen Ulu Mediaren estudiora. «Sekulako unibertsoa ireki zait, eta oso interesgarria da. Gustua hartu diet soinuaren munduari eta fikziozko podcasten arloari».

Beste deialdi bat

Aste honetatik aurrera, Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren aldian parte hartzeko aukera dago. Aurkeztuko dituzten lan guztien artean, fikziozko audio lan baterako gidoi proiektu onenak hautatuko dituzte, eta, gero, garatzen lagundu, gidoi bilakatu arte. Proiektu finalisten egileek aukera izango dute Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategian lanean aritzeko hiru hilabetez, martxotik maiatzera. Horrekin batera, 2.000 euroko laguntza jasoko dute proiektuak garatzeko. Egonaldietan, Martin eta Xabier Etxeberriaren, Isabel Cadenasen eta Oier Arantzabalen laguntza izango dute. Hiru proiektu finalistetako bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk; 2026ko maiatzaren amaieran emango dute erabakiaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.