Zuzeneko musika eta instalazio artistiko bat izango dira aurten Crossover jaialdian

Martxoaren 23tik 28ra egingo dute telesailen inguruko kulturaren jaialdia, Donostian. Jaialdiaren bederatzigarren aldia da aurtengoa; zortzi saio izango dira euskaraz. Bost emakume elkarrizketatuko dituzte Ikusle Gonbidatua atalean, euskaraz.

 Crossover jaialdiaren sustatzaileak, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Crossover jaialdiaren sustatzaileak, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atarian, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
unai zubeldia
2026ko martxoaren 13a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarrizketak, estreinaldiak, gastronomia, fan zone-a, kontzertuak... Telesailen inguruan hausnartzeko, sortzaileak ezagutzeko eta haiekin ikasteko ariketa egiten du urtero Donostiako Crossover telesailen inguruko kulturaren jaialdiak. Bederatzigarren aldiz egingo dute aurten, martxoaren 23tik 28ra. Gaur goizean aurkeztu dute programazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Aurten, zortzi saio izango dira euskaraz —24 daude programatuta—, iaz baino bat gehiago, horietako bi lehen egunean: Ikusle Gonbidatua atalean, Aizpea Goenaga elkarrizketatuko du Ylenia Benitok (17:00), eta, Klaketa Serieak atalean, Fariba Sheikhan Gaizka Izagirrek (18:00). Santa Teresa komentuan izango dira bi elkarrizketak. Sei estreinaldi ere izango dituzte aurten —euskarazkorik ez dago tartean—.

Hain zuzen ere, aurten indartu egin dute estreinaldien alorra. Ondorengo sei lan hauek estreinatuko dituzte Crossoverren: Under Salt Marsh (17:00) eta Ravalear (20:00), asteartean; Yo Siempre a Veces (18:00) eta Por Cien Millones (20:00), ostegunean; eta Cochinas (17:00) eta La Nena (20:00) larunbatean. Tabakaleran izango dira saio guztiak.

Ikusle Gonbidatua atalean, berriz, Edurne Azkarate —asteartean—, Lucia Baskaran —asteazkenean—, Sara Azurza —ostegunean— eta Ainara Azpiazu Axpi —ostiralean— elkarrizketatuko dituzte, Goenaga eta Sheikhanez gain. Ordu erdiko elkarrizketak izango dira.

Bi berritasun izango ditu aurten jaialdiak: batetik, martxoaren 23tik maiatzaren 3ra Gainesposizioa Edorta Subijanaren instalazio artistikoa jarriko dute Santa Teresa komentuan. «Multipantailadun muturreko agertoki bat» proposatuko dute, eta telesail baten atal bateko eszena guztiak aldi berean eta modu ez-linealean erakutsiko dituzte. Gaur egungo kontsumo gaitasunak gainezka egin dezan lortu nahi dute ariketa horren bitartez.

Bestetik, lehen aldiz musikari tokia egingo diote, animeari lotuta. Elena Loredo Elesky-k piano kontzertua emango du —telesailen eta bideojokoen zalea da—, eta tartean elkarrizketa egingo dio Ylenia Benitok, gaztelaniaz. Ostiralean izango da saio hori, Santa Teresa komentuan, 19:30ean.

Eta, nola ez, urteroko eskaintza bati ere eutsiko dio Crossoverrek. Ostiralean bertan, Series Gourmet atalean, Borja Gonzalez Santaolalla eta Paula Usero elkarrizketatuko ditu Alberto Reyk. Telesailen inguruan hizketan ari diren bitartean, afaltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sarrerak salgai daude Crossoverseriesfestival.com webgunean. Gaztelaniaz izango da saio hori.

‘Streaming aroa’ saioa

Asteazkenean Streaming aroa gaia landuko dute Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak —izen bereko liburua kaleratu berri du—, Katixa Agirrek eta Kristina Zoritak, Santa Teresa komentuan, 19:30ean. Nahia Sillero izango da moderatzailea. Azken urteotan ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko interesak nola aldatu diren aztertuko dute.

Bezperan, berriz, Tamara ta Mara telesailaz hizketan arituko dira Ainhoa Artetxe, Ainhoa Etxebarria, Gorka Garcia, Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazo. Gaizka Izagirre izango da moderatzailea. Webgunean eskuragarri daude sarrerak eta gonbidapenak. Afaria soilik ordaindu beharko da; gainerako saioak doan dira, eta gonbidapena behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA