Literatura. 'BRODECKEN TXOSTENA'

Aitorrezinaren aitortza

Bixente Serrano Izko.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Egilea: Philippe Claudel.

Itzultzailea:Itziar Diez de Ultzurrun.

Argitaletxea: Igela.

Philippe Claudel ezagutzeko aukera izan genuen 2010ean euskal irakurleok. Linh jaunaren biloba ekarri ziguten Igela argitaletxeak eta Itziar Diez de Ultzurrun euskaratzaileak. Orain, berriro, esku artean dugunarekin etxe eta itzultzaile berberak ditugu zor. Zor handia, handia denez.

Bi narrazioetan partekatzen dira hainbat aztergai. Gerrak astinduriko bazter batetik bertze bazter arrotz batera umezurtz ihes egin izana, bazter berrian etorri berria bertako bat gehiago egiteko arazoak… Gaurko hau bereziki zentratzen da harrera-bazter berriaren barneko giro itxian, bertakoei arrotz egiten zaizkienekiko abegikortasun eta mesfidantza pendulu jokoan, penduluaren ibilbideko mesfidantzaren mutur aldera daraman beldurrean, bidegabekeria aitorrezinetara daroan badaezpadako auto-defentsaren sen komunitarioan, aitorrezintasun eta aitortu beharraren arteko ezinegonaren irtenbide izan nahi duen aitortza motan, memoriatik betirako askatzeko asmoz eginiko mantra baten baliokidea, terapia kolektibo halako baten antza…

Laurehun biztanle inguru duen herri bat dugu agertoki. Mendien artean babestu/baztertua, haren gainean gailurren arteko hodeiek, eguzki galdak, zeruko bobeda goibel edo aratz baina biribilak halako atmosfera berezi bat sortuko dute, mundu itxi bat pintatzeko aukera emanez egilearen estilo literarioari.

Txostengile teknikoa da narratzailea, lanbidez. Txosten botanikoak, ekologikoak, meteorologikoak egiten ditu eta hurbilen dagoen hiriko funtzionario urrunduengana bidali, nahiz eta Kafkaren lur-neurtzaileak bezala ez jakin haiek irakurtzen ote dituzten. Halako batean, bazter-txoko horretara apopilo joan den pertsonaia bitxi-nabarmen batek, hamarkada batzuk duela gerra bat bukatu zenetik bertara joaniko lehen arrotzak, abegikortasunez harturik izan arren hasieran, akabera tragikoa jasoko du komunitatearen eskutik, eta komunitateak aginduko dio gure narratzaileari «Ereigniësa», «Gertatutako hura» —«izendaezina izendatzeko» ezizena——txosten batean konta dezala: baina «ez diagu nobelarik eskatzen […]. Gertatutakoa kontatuko duk eta kito. Hire txostenetan bezalaxe».

Txostenaren parean, bertze narrazio konplexuago bat idatziko du ezkutuan Brodeckek. Berau herrira, umezurtz, gerra bateko sarraskietatik iheska heldu zenetik bere memoria arakatzen doa. Historia lineala, kronologikoa da txostena nola taxutzen doan kontatzeari dagokiona, burdin haga zuzena izanen balitz bezala, baina imanena egiten du hagak bertze oroitzapenak ekarrarazteko: «Burdinazko ezpalak iman batera bezala etortzen zaizkit hitzak burura eta halaxe orriratzen ditut», «ordena falta du» aitorpenak, dio Brodeckek bere apalean. Ba ez, garapen lineal baten inguruan, bertze garapen biribildua, are esferikoa ere, izanen du haren oroitzapenen narrazioak: bere bizitzaren eta bazter horren inguruko zertzeladak, esperientzia bakoitzaren barneko istorioak, bakoitzera behin eta berriz itzuliz, tipula batean bezala geruza anitz biribilduko du narratzaileak.

Gertaera historiko zehatzak, gerrak eta jazarpenak gogorarazten dizkigu, inoiz ere ez zehaztuz, ordea, zeintzuk diren, atmosfera berezia sortuz bere munduaren edukiontzia irudi; pertsonaien deskripzioek hitzezko pintura espresionistak dirudite, hain biziki adierazkorrak diren aldetik. Eta dena goian aipaturiko kezkak, ez leku ez une historiko bati giza izaerari baizik dagozkionak, mahai gainean aztergai jartzearen zerbitzura.

Biribila eleberria, bai kontzepzio narratiboan, bai giza izaeraren ikuskeran. Eta lorturiko emaitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.