Lasa eta Zabala 40. urteurrena. La Cumbre

KRONOLOGIA

2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Lasa eta Zabalaauziak luze jo zuen, gorpuen identifikazio lanak izandako atzerapena tarteko.

1983
Urriak 15-16. Mariano Martinez Kolomo errefuxiatuak bere autoko giltzak utzi zizkien Lasa eta Zabalari, 01:00 aldera. Autora sartzear zirela bahitu egin zituzten, eta Donostiara eraman. Inoiz argitu ez den epe batez, La Cumbren galdekatu eta torturatu zituzten.
Urriak 17. Martinez Kolomok leku berean topatu zuen autoa, ateak irekita, eta salaketa bat jarri zuten.
Zehaztu gabea. Busoteko Foya de Covesera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten —ez da argitu tartean beste nonbait izan ote ziren?. Tiro bat eman zioten buruan Lasari, eta bi Zabalari. Biak zulo batera bota zituzten, eta kare bizian lurperatu.

1984
Urtarrila. Alacanteko Ser irratiak dei bat jaso zuen GALen izenean, Lasa eta Zabala hilda zeudela esanez: « Lasa eta Zabala ETAko kideak exekutatu ditugu».

1985
Urtarrilak 20. Bi gazteren gorpuak topatu zituen Ramon Soriano Poveda ehiztariak. Guardia Zibilak, ordea, ikerketarik gabe artxibatu zuen auzia.

1995
Martxoak 14. Francisco Etxeberria auzi medikuak bigarren autopsia bat egin zien gorpuei; baieztatu zuen Lasa eta Zabalarenak zirela.
Ekainak 21. Gorpuak Euskal Herriratu zituzten, baldintza zorrotzetan. Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportutik Ertzaintzak eraman zituen Tolosara; berehala ehorzteko. Espainiako Polizia eta Ertzaintza aireportura zein hilerrira joandako herritarren kontra oldartu ziren.
Ekainak 22. Donostian elkarretaratze bat egin zuten gertatutakoa salatzeko. Ertzaintza bertaratutakoen kontra oldartu zen, eta Rosa Zarra zauritu zuen; hilaren 30ean hil zen, eraso haren eraginez.

1996
Maiatza. Enrique Dorado, Felipe Bayo eta Enrique Rodriguez Galindo guardia zibilak espetxeratu zituzten hilketengatik, behin-behinean. Galindo aske utzi zuten abuztuan; 1997ko irailetik 1998ko ekainera ere preso egon zen.
Ekaina. Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohia espetxeratu zuten behin-behinean, baina 1997ko urtarrilean askatu zuten.

1999
Abenduak 13.Lasa eta Zabala auziko epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean.

2000
Apirilak 26. Epaimahaiak 71 urteko espetxe zigorra ezarri zien Rodriguez Galindori eta Elgorriagari, 69 urtekoa Angel Vaquerori eta 67 urtekoa Doradori eta Bayori, bahiketa eta hilketa delituengatik.
Maiatzak 9. Elgorriaga, Galindo eta Vaquero espetxean sartu ziren.

2001
Uztailak 23. Elgorriaga aske utzi zuten, behin-behinean, osasun arazoengatik.
Uztailak 25. Espainiako Auzitegi Gorenak lau urte gehitu zizkion Auzitegi Nazionalak ezarritako zigor bakoitzari, kargu publikoak izatea larrigarritzat jota.
Urriak 21. Elgorriaga kartzelaratu zuten, baina egun berean hirugarren gradua eman zioten; astebetera, baldintzapeko askatasuna.

2002
Martxoa. Dorado espetxetik atera zen, hirugarren gradua onartuta.
Abenduak 20. Auzitegi Gorenak indultu eskaeren kontrako txostena argitaratu zuen.

2003
Bayok hirugarren gradua jaso zuen.

2004
Irailak 30. Galindo espetxetik atera zen, osasun arazoengatik. 2005ko urtarrilera arte, Poliziaren zaintzapean egon zen; orduan, hirugarren gradua jaso zuen. 2013ko urrian, berriz, baldintzapeko askatasuna eman zioten.

2005
Vaquero hirugarren graduan atera zen. Hura zen espetxean geratzen zen azken zigortua.

2010
Azaroak 2. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Lasa eta Zabalaauziko ebazpena berretsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.